"Loiolako landare inbaditzaileen lorategia ezagutzen duzu?"
Parkea Bizirik ‘Kukulunbera’ Elkarte Naturzaleak Loiolako Matxiñene kalean dauden landare inbaditzaileen inguruko bideo bat zabaldu du. ‘Inbasio isila’ izenburuko bideo honetan, hiriko sarrera eta irteerako altuera handiko autopistaren azpian dagoen espezio exotiko inbaditzaile gisa katalogatutako landare sorta zabala erakusten dute. Espezie exotiko hauek bertako flora komunitateak eta haiei lotutako fauna aldarazi dituzte, desagarrarazi arte.
Leku honetan aurki daitezkeen espezietako batzuk goi mailako espezie inbaditzaileak dira. Besteak beste, Tibet eta Erdialdeko Txinatik datorren budleia arrunta (Buddleja davidii), Hego Amerikan jatorria duen Ipomoea indikoa, Asiako ekialdekoa den Japoniako poligonoa (Fallopia japonica, Reynoutria japonica), Argenita eta Brasil hegoaldekoa den Panpa – Iezka (Cortaderia selloana) eta Hegoafrikatik datorren krokosmia (Crocosmia x crocosmiiflora).
Japoniako poligonoa esaterako, munduko 100 landare inbaditzaile kaltegarrienetakotzat jotzen du Natura Babesteko Nazioarteko Batasunak. Krokosmiraren kasua, ordea, nahiko bitxia da. Elkarteak azaldu zuenez, Udaleko Ingurumen Sailak elkarte naturalistei inbasioa errotik kentzen laguntzeko diru-laguntzak ematen dizkie, baina aldi berean, Hiri Mantentze Saileko Parke eta Lorategien atalak udalerri osoko parke, plaza eta biribilguneetan landatzeko ehunka erosten ditu diru publikoarekin.
“Espezie inbaditzaileak, gizakiak bere banaketa-eremu naturaletik kanpo garraiatutako eta sartutako animaliak, landareak edo bestelako organismoak dira, eskualde berrian ezartzea eta sakabanatzea lortu dutenak, oso kaltegarriak suertatuz. Ekosistema naturalen edo erdi-naturalen konposizioa, egitura edo prozesuak aldarazten dituzte, bertako dibertsitate biologikoa arriskuan jarriz”, dio elkarteak. Hala, kontzientzia hartu eta ingurumenaren aldetik dugun desoreka handiari aurre egiteko bideoa zabaldu eta ikusteko gonbidapena luzatu du.