Sultana Khaya ekintzaile sahararraren egoera salatu dute Donostian

Mendebaldeko Sahararekiko Gipuzkoako elkartasun mugimenduak deituta, hainbat herritar mobilizatu egin ziren Donostian atzo, Sultana Khaya ekintzaile sahararraren egoera salatzeko eta bere askatasuna aldarrikatzeko. Bulebarrean egin zuten elkarretaratzea.
Mugimenduak salatu duenez, Khayak 300 egun daramatza bere etxean “bahituta”. Izan ere, pasa den azarotik etxe barruko arrastatzea jasaten ari da, nahiz eta ez dagoen hori justifikatzen duen agindu judizialik. Marokoren okupazioaren aurkako erresistentzia mugimenduko kide da Khaya, baita giza eskubideen defendatzaile ere. Ordea, 2020ko azaroan Mendebaldeko Saharako 29 urteko su etena hautsi ondoren, egoera latza bizitzen ari da ekintzailea. Marokoko armadak hautsi zuen su etena azaroaren 13an, hainbat saharar egiten ari ziren manifestazio baten aurka oldartu ostean. Horrela, azaroaren 19an, Fronte Polisarioak borroka armatura itzultzea erabaki zuen.
Khaya Marokoko armadako soldaduen jazarpena jasaten ari da azarotik, etxetik atera ezinik egoteaz gain, soldaduek hainbat aldiz eraso baitute bere etxea, besteak beste, harrikadak botata. Erasorik larriena maiatzean gertatu zen, Khayak berak salatu baitzuen hainbat soldadu bere etxera sartu zirela, eta “makilak eta hodiak erabiliz”, bera eta bere ahizpa bortxatu zituztela, baita jipoitu ere. Era berean, bere 84 urteko amari ere kalte fisikoak eragin zizkiotela salatu zuen, baita etxea txikitu zutela ere. Mendebaldeko Saharan gertatzen diren giza eskubideen urraketen berri emateaz arduratzen den Equipe Media erakundeak zabaldu zuen salaketa.