Azorak Grosen duen "proiektu espekulatzailean beste aurrerapauso bat" eman duela salatu dute

Saretxe Groseko etxebizitzaren aldeko sareak agerraldia egin du astelehen goizean Grosen, eta iragarri du Azora putre funtsak Ategorrieta hiribideko 45. zenbakiko bizilagun batzuei aurkako kaleratze agindua bidali diela. Horregatik, plataformak salatu du Azorak bere “proiektu espekulatzailearekin” jarraitzen duela auzoan: “Ategorrietako 45. zenbakian bizi diren bizilagunen aurkako kaleratze aginduak, zein beste bizilagun batzuek jasotako burofaxek —non, errentaren %33ko igoera eskatzen dieten—, argi uzten dute Azorak aurrerapauso bat eman duela bere proiektu espekulatzailean”. Hori Azorak herritarren antolaketari emandako erantzuna dela gaineratu dute: “Kontziente gara bizilagunen antolaketak eliteak urduri jartzen dituela, eta hauek, euren interesak arriskuan ikusten dituztenean, estutzen jarraitzea baino ez zaie gelditzen”.
Era berean, salatu dute Azora “jabetza pribatuaren defentsan eta etxebizitza eskubidearen kaltetan” ari dela garatzen bere proiektua Grosen: “Isilpeko kaleratzeak nagusi izan dira orain arte Grosen eta Azoraren arteko gatazkan, eta gazte hauen kontrako prozesuak agerian uzten du zein den Azoraren benetako errealitatea. Espekulatzaile diren heinean, eskura dituzten tresna guztiak erabiltzen dituzte auzotarrak kaleratzeko eta auzoa husteko, izan alokairuak igoz, izan zuzenean epaitegietara joz”. Horren aurrean, Saretxekoek nabarmendu dute ez daudela “bizilagunak auzotik alde egiten ikusteko prest”, eta antolatzen jarraituko dutela azaldu dute: “Gurea zena berreskuratzera gentozela esan genuen, eta hala egin genuen. Horren adibide da auzoan pare bat etxe okupatu izanak, beti erabilpenik ez duen espazio bati bizitza emateko helburuarekin, eta beharra duten horiei etxebizitza alternatiba bat eskaintzeko asmoarekin”. Era berean, “prozesu espekulatzailea” bertan behera uzteko eskatu diote Azorari, baita bizilagunen egoerari irtenbide bat emateko bidea irekitzeko ere.
Ildo horretatik, udalari ere eskatu diote “bizilagunen bidelagun” izateko: “Inmobiliaria Vascongadak eta Donostiako Udalak gatazka honetan izan duten rola mahai gainean jarri nahi dugu: bizilagunei kasurik ez, eta putre funtsaren interesak defendatu dituzte. Uste dugu une egokia dela udalak neurriak hartzeko, bizilagunentzat konponbide bat bilatzeko eta euren bidelagun izateko. Zentzu honetan, uste dugu ezinbesteko abiapuntua dela egoera prekarioan aurkitzen diren bizilagunen kontratua berritzea, noski, orain arte eman diren baldintzekin”.
Etxebizitza hutsak
Saretxeko kideek gogorarazi dute Azorak bere jabetzakoak diren Groseko etxebizitzen %40 “hutsik” dituela gaur egun. Horregatik, horri buruzko azterketa bat abiatzeko eskatu diote udalari: “Egun Grosen hutsik dauden etxebizitzen ikerketa zein identifikazio bat egin dezan exijitzen diogu udalari, ondoren etxebizitza publiko bihurtzeko eta bizilagunen beharrizanak asetzeko helburuarekin”.
Era berean, Groseko bizilagunak mobilizazioetan parte hartzera eta antolatzera deitu dituzte, eta iragarri dute ostegunean, hilaren 16an, auzo asanblada egingo dutela Nafarroa Beherea plazan, 19:00etan.