36ko gerran borrokatu ziren CNTko milizianoak omendu dituzte
CNTk eta Sare Antifaxistak CNTko milizianoei buruzko informazio txoko bat jarri zuten atzo, Ijentea kalean. Milizianoen txokoa prestatu zuten, eta 36ko gerran indar faxisten aurka borrokatu ziren milizianoak omendu zituzten eguerdian. Sare Antifaxistako kide batek testu bat irakurri zuen eta ondoren, lore eskaintza egin zuten frankismoaren biktimen oroimenezko monolitoan.
Antolatzaileen hitzetan, gaur egun borrokalari anarkisten senide asko geratzen dira, eta ez dute gorpuen edota gertatutakoaren inguruko informaziorik. “Inork aipatzen ez dituen emakume eta gizonen izenak, inon agertzen ez direnak, gogoratu egin nahi ditugu. Ez ditugu ahaztu nahi Francisco Carrera, Angel Virumbrales, Eduardo Trincardo, Mamerto Azkona eta beste ehunka izen. Uko egiten diogu gure historiaren zati bat isilarazteari”. Informazio txokoa Gipuzkoan borrokatu ziren miliziano anarkosindikalistei buruzko informazioa eskaintzeko jarri zen, eta milizianoen familiei gerturatzeko deia egin zieten.
Antolatutako ekitaldia bi urteurrenen harira egin zuten. Batetik, gaur, irailak 13, Donostian frankistek hildakoen memoriaren eguna da, eta, bestetik, 1948ko irailaren 12an, erbesteratutako anarkista talde batek Francoren aurkako atentatu saiakera bat egin zuen.