Frankismoaren biktimak oroitu ditu udalak
Donostiako udalak frankismoaren biktimak gogoratu ditu Donostiako Oroimen Historikoaren Egunean. Eneko Goia Donostiako alkatea eta udalbaltza gaur goizean Ijentea kalean bildu dira Dual eskultura parean, eta biktimak oroitzeko eta omentzeko lore eskaintza egin dute. Izan ere, 1936ko irailaren 13an, duela 85 urte, Donostian tropa frankistek hiria bere gain hartu zuten.
Hala, 1936ko estatu kolpe frankistaren ondoren eta diktadura garaian askatasun demokratikoak babestu zituztenei omenaldia egin diete txistulariekin batera. Alkatearen hitzetan, “ekitaldi xume baina hunkigarria egin du Donostiako hiriak gerra eta diktadura pairatu zuten pertsonak gogoratzeko, eta baita korporazio demokratiko hura ere, irailaren 13 hartan agintaldia bortizki amaitu baitzuen”.
LABen ekitaldia
Donostiako Udaleko LABeko sail sindikalak ere diktadura frankistak eraildako Donostiarrak omendu ditu gaurko egunean. Gainera, aipamen berezia egin diote diktadura frankistak errepresialatu edota eraildako Donostiako Udaleko langileei. Goizeko 11:00etan Ijente kaleko eskulturan egin dute ekitaldia.