Haur eta gazteen entrenamenduak euskaraz izateko kanpaina abiatu du udalak
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak haur eta gazteen entrenamenduak euskaraz izatea du helburu. Horretarako, komunikazio kanpaina bat abiatu dute ondorengo leloarekin: Guk kirola baino gehiago egiten dugu. Guk euskaraz entrenatzen dugu. Kanpainaren helburua da KEES (Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko) metodologia erabilita, euskara sustatzen ari diren hiriko kirol elkarteak ezagutzera ematea. Era berean, haur eta gazteekin lan egiten duten gainerako kirol elkarteak sentsibilizatu nahi dituzte entrenamenduak euskaraz egin ditzaten.
Euskara Zerbitzuaren helburu estrategikoetako bat da euskararen erabilera sustatzea kirol esparruan. Gazte asko kirolari lotuak bizi dira, beraien aisialdian kirola egiteak garrantzia handia du eta ordu asko ematen dute horretan. Bestalde, gazteek dute euskara gaitasun gehien eta baldintza onenak euskara erabiltzeko gaur egun.
Hiriko 17 kirol klubekin ari dira elkarlanean euskara entrenamenduetan erabiltzeko ohitura finkatzeko. Jon Insausti zinegotziak kirol elkarte horien jarrera eta lana azpimarratu du: “Kirol klub horiek ahalegin handia egiten ari dira entrenatzaile euskaldunak kontratatzeko eta entrenamenduak hizkuntza horretan aurrera eramateko. Bide hori errazteko, KEES (Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko) metodologia inplementatzen laguntzen diegu. Metodologia honen bitartez, jokalarien hizkuntza aktibazioa eragiteko estrategiak jasotzen dituzte”.
Pandemiak bertan behera utzi zuen udalaren egitasmoa. Ordura arte, 17 kirol elkarte horietako 144 talde eta 1550 gazte ari ziren euskaraz entrenatzen KEES erabilita. Hastear den 2021-2022 denboraldian kirol elkarte gehiago egitasmo horrekin bat egitea da asmoa.
KEES egitasmoan parte hartzen ari diren hiriko kirol elkarteak:
- Añorga Kirol eta Kultura Elkartea.
- Askatuak Saskibaloi Taldea.
- Donostiako Atletiko.
- Bera Bera.
- Donostia Gimnastika Erritmikoa.
- Easo Saskibaloi Taldea.
- Egiako Eskubaloi Taldea.
- Fortuna Kirol Elkartea.
- Groseko Indarra Surf.
- Gros Xake Eskola.
- IrutxuloSub urpekariak.
- Donostia Judo Kluba.
- Konporta.
- Martutene kirol elkartea.
- Reala, atletismo saila.
- Tximeleta.
- Ur Kirolak.