Porrontxo Kulturalak antolatu dituzte astebururako
Uda honetan gainerako auzoek egin duten moduan, ez dira ohiko festak egingo Egian, baina egoerara egokituz, Porrontxo Kulturalak antolatu dituzte astebururako. Haur, gazte zein helduentzako ekitaldiak izango dira Plaza Haundin eta edukiera mugatua izango da. Sartu-irteerak zenbatu eta beharrezko segurtasun neurriak hartuko dituzte: ekitaldiak eserita ikusi beharko dira distantziak mantenduz. Jai Batzordea apirilean hasi zen Porrontxo Jaietako egitaraua prestatzen, eta uda hasieran auzoko kuadrilekin bilera irekiak egiten hasi ziren. Zalantza eta zailatasunez beteriko hilabeteak izan dira baina azkenenean, kultur egitarau anitza izango da asteburu honetan.
Ostegunean Haurguneak antolatutako Ekotailerrarekin hasiko da egitaraua. Ondoren, 20:00etan Jai Herrikoien aldeko manifestazioa egingo dute auzoan barrena eta Karaokea izango da 21:00etan. Ostirala gazte eguna izango da. Hasteko, Gazte Jolasak izango dira 17:00etan eta 17:30ean Haurrentzako dantzaldia egongo da plazako goiko gunean. 20:00etan, ordea, Enduro lasterketa egingo dute eta 21:00etan DJa izango da plazan.
Larunbaterako ere, egitarau zabala antolatu dute. Lehenik eta behin, 10:00etan txistulariak auzoan zehar arituko dira, 11:00etan Lur Kortak ‘Ipuinekin jolasean’ ekitaldia eskainiko du eta ordu berean, Pala Pilota txapelketa eta Kantujira izango dira. Eguerdirako ordea, Herri Bazkaria antolatu dute. Aurretik izena eman beharra zegoen eta eserleku guztiak bete dira jada. Ondoren, bingo musikatua izango da 16:00etan eta 17:30ean Andoni Ollokiegik kontzertua eskainiko du. 21:00etan, berriz, DJ Bull arituko da plaza girotzen. Igandean, berriz ere, txistulariak arituko dira 10:00etan eta larunbatean hasiko duten Pala Pilota txapelketaren finala jokatuko da. Jarraian, 12:00etan Hau Egia da! ekimenaren ekitaldia izango da eta arratsaldean, Herri Kirolak antolatu dituzte 17:00etan. Asteburua amaitzeko, 19:00etan Musa Biboteduna kontzertua izango da.