Bidebietan "oso pozik" daude Zinebide zinema zikloarekin
Bidebietan Zinebide zinema zikloa egin dute estreinakoz asteburuan, eta antolatzaileak “oso pozik” agertu dira emaitzarekin. Bidebieta-La Paz bizilagun sarearen ekimenez eta auzoko zein kanpoko beste hainbat eragileren laguntzarekin antolatu dute zikloa, eta lau film eskaini dituzte asteburuan: haurrentzako Asterix: edabe magikoaren sekretua (Alexandre Astier eta Louis Clichy, 2018) eta helduentzako Enperadorea (Peter Webber, 2014) filmak ostiralean (euskaraz), eta Gru, mi villano favorito 3 (Pierre Coffin eta Kyle Balda, 2017) eta Gran Torino (Clint Eastwood, 2008) larunbatean (gaztelaniaz).
Antolatzaileek azaldu dutenez, auzoko saltoki gehien-gehienek zikloa gauzatu zedein lagundu du: “%96ak ekarpenen bat egin du: materiala, dirua edo boluntario lana. Hori aurrerapauso bat da Bidebietan”. Bestalde, auzoko bizilagunen erantzuna “agian pixka bat motz” gelditu dela azaldu dute, ez baitute frontoiko edukiera —frontoian egin dituzte proiekzioak— guztiz bete proiekzio batean ere ez, eta, gainera, ikusle guztiak ez dira Bidebietakoak izan, antolatzaileen arabera, Altzako, Herrerako eta Amara Berriko herritar batzuk ere egon baitira. “Agian bizilagunei filmak ez zaizkie erakargarriak iruditu, baina aurten ez zegoen besterik”, gaineratu dute. Hala ere, proiekzio batzuetan edukieraren hiru laurden bete zirela nabarmendu dute.
“Lehenengo urtea izateko”, oro har, “oso pozik” daudela nabarmendu dute Bidebieta-La Paz bizilagun sarekoek, eta datorren urtera begira zikloa hobetzeko asmoz agertu dira.