Gipuzkoako Senideak elkarteak protesta egin du Berra zahar etxearen aurrean
Gipuzkoako Senideak elkartea duela bi urte hasi zen Gipuzkoako egoitzen kudeaketaren eskumena duten erakundeen aurrean biltzen. Izan ere, egoitzetan bizi diren egoera larria salatu eta Foru Aldundiari zahar egoitzetako lan gatazkaren konponbidean esku har dezan eskatzen dute.
Asteartero, Foru Aldundiaren aurrean elkartzen dira eta udako etenaldia ondoren, pasa den astean protesta berrartu zuten. Gaur, ordea, Domus vi-BERRA egoitzaren aurrean elkartu dira bertako “egoera larria” salatzeko. Besteak beste, zerbitzuak hutsune asko dituela, pertsonal falta dagoela, kalitate eskaseko janaria eskaintzen dutela eta familiekiko komunikazioan argitasun falta izan dela diote. Izan ere, pandemia garaian, “kudeaketa negargarria” egin zela azpimarratu dute: Osakidetzako talde baten interbentzioa behar izan zen eta 126 egoilarretatik 76 kutsatu ziren, eta guztira, 36 hildako izan ziren.
Elkarteko kide batek adierazi duenez Gipuzkoako egoitzetako senideek hilabete asko daramate Foru Aldundiaren aurrean protestak egiten, baina zuzenean egoitzetara jotzea erabaki dute: “Hemen izenak daude, Domus vi bezelako izenak”. “Hauek negozio bila etorri dira eta gainera, negozioa eman egiten zaie. Hemen denetarik gertatu da, eta orain ere bai egoera oso gogorra da”. Gaur sindikalistak, bertako egoilarren senideak eta elkarteko kideak elkartu dira protesta egitera, baina argi diote “borroka hau herri osoarena” dela. “Halako egoera ez du inork merezi, gizarte honek ez du hori merezi. Gainera, agintariek argi eta garbi esaten dute ondo igaro dela pandemia garaia eta sistemak ondo erantzun diola. Hau penagarria da. Hau zerbitzu bat da eta denontzako izan beharko luke. Hemen gertatzen dena ez da duina eta ez dugu onartzen Foru Aldundiaren aldetik hau isilarazi nahi izatea”.
Berra egoitzako egoiliar baten senide batek bertan lanean ari direnk “kalifikazio minimoa” dutela esan du. “Foru Aldundiak ez du ezer egiten eta guk gertatzen denaren berri izan nahi dugu. Barruan daudenek soilik dakite zer gertatzen den, guk, ordea, ez dakigu ezer”. Egunez egun zerbitzuen kalitate maila jaisten ari dela eta geroz eta jende gutxiago dagoela nabaritu dute. “Pertsona hauek oso ahulak dira, eta ez dugu ahaztu behar pertsonak direla. Gure dirua nola eta zertarako erabiltzen den jakin behar dugu”, azpimarratu du.