Iztuetako trenbidearen zubi berria iritsi da
Gros eta Egia lotzen dituen Iztueta kalearen inguruko lanak aurrera doaz, eta eremu horretako trenbidearen zubi berria han da dagoeneko. Egitura muntatzen ari dira, eta Donostiako Udalak azaldu duenez, urriaren 9tik 12ra jarriko dute bere behin betiko lekuan, egun horietako zubia aprobetxatuta. Izan ere, operazioa “konplexua” dela nabarmendu du udalak, eta lau egun horietan ez denez trenik pasako, lanak hobeto egin ahalko dituzte.
Udalaren arabera, zubia muntatzeko piezak “kamioi berezietan” heldu dira Iztuetara, “Karmengo Amaren kaletik eta gauez, eragozpenik ez sortzeko”. Horrela egun hauetan pieza horiek “mihiztatu eta prestatu” egingo dituzte, ondoren, Adifekin koordinatuta, zubian kokatzeko.
“Operazio osoaren oinarrizko piezetako bat da, Renferen zerbitzuak igaroko diren trenbideak jarriko baitira operazioaren gainean. Behin zubi hori jarrita, zulatu egin ahal izango da, azpitik joango den bidea eraikitzeko”, azaldu du Marisol Garmendia zinegotziak. Udalaren aurreikuspenen arabera, 2022ko martxoaren amaierarako bukatuko dituzte Iztuetako lanak, eta oinezkoentzako, bizikletentzako eta ibilgailuentzako bideak trenbidearen zubiaren azpitik pasako dira, eta zirkulazioa hobetzeko biribilgune bat sortuko dute Zuhaizti inguruan. “Inguruaren aldaketa garrantzitsu bat da, gainera, emakumeen segurtasunaren ikuspuntutik puntu kritiko bat kentzea ekarriko duena”, gaineratu du Garmendiak, Iztuetako zubibide zaharra emakumeentzako puntu kritiko gisa katalogatuta baitzegoen.