Poltsiko Antzerki Jaialdia hilaren 24an itzuliko da hiriko kaleetara
Otsailetik irailera atzeratu ondoren, 30. Poltsiko Antzerki Jaialdia hilaren 24tik urriaren 10era izango da. Hiriko auzoetako zenbait enparantza eta aretoetan formatu txikiko 32 antzerki emanaldi egingo dituzte. Sarrera doakoa izango da emanaldi guztietan. Helbide honetan kontsultatu daiteke programazioa.
Urte hasierako COVID-19aren hirugarren olatuaren eragin handiak bereziki kaltetu zuen jaialdia. Horrela ere, antolakuntzak aurtengo jaiadia ez zuen bertan behera utzi eta udazkenera atzeratzea erabaki zuen, egoera hobea izango zelakoan. Zorionez, hartutako osasun neurriei esker pandemiaren eragina nabarmen murriztu da.
Osasun baldintzak oraindik egokienak ez badira ere, jaialdiak berezkoa duen izaera informalari eutsi ahal izateko antolakuntzak egungo egoerara egokitzeko neurriak hartzea erabaki du. Programazioaren zatirik handiena karpa batean eskaintzea erabaki da. Karpa jaialdiko asteburu bakoitzean auzo desberdin batean kokatuko da. Lehen asteburuan karpa Intxaurrondoko Sagastieder plazan izango da, hurrengo astean Groseko Katalunia plazara joango da, eta, azkenik, Amarako Easo plazan jarriko dute.
Karpetan eskainitakoez gain, jaialdiak ohiko programazioari eutsiko dio auzo hauetan: Martutene (Etxarriene Zentroa), Igeldo (Igeldoko Ikastetxea), Antigua (Doka), Añorga (Antxon Ayestaran Gunea) eta Bidebieta (Kontadores).
Euskarazko sorkuntza
Aurten ere, Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XI. deialdian irabazle eta finalista izan diren taldeek parte hartuko dute. Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia Donostia Kulturak antolatzen du, Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan. Aurkeztutako proiektuek maila altua erakutsi dute eta aukeraketa ez da erraza izan. Parte hartzaileen batez besteko adina gaztea izan da.
Guztira, hamaika proposamen jaso ditugu Poltsiko Sorkuntzako deialdian. Dxusturi Teatroaren Lakoste lana izan da irabazlea eta Zutani Teatroaren Bete ingoiau, berriz, finalista. Egitasmo honen xedea, poltsiko antzerkiaren eta, oro har, formatu txikikoaren esparruan euskaraz dagoen eskaintza urria bultzatzea da. Proiektu irabazleak 4.000 euroko laguntza jasoko du, eta finalistak, 3.200 eurokoa, antzezlana garatu eta ekoizteko.