2022ko lehen hiruhilekoan hasiko dira Marrutxipiko lotune berriaren lanak
Gipuzkoako Foru Aldundiak beste urrats bat egin du GI-20 saihesbideko Marrutxipiko lotunearen proiektua aurrera eramateko. Uztailean onartu zuten proiektuaren aldaketa, eta orain lanak egiteko lankidetza hitzarmena sinatu dute Donostiako Udalarekin. Hain zuzen ere, udalak pasa den abuztuan onartu zuen bi aldeen arteko akordioa.
Obrak 24 hilabeteko gauzatze epea izango du, eta aurreikuspenen arabera, 2022ko lehen hiruhilekoan hasiko dituzte lanak. Proiektu honen bitartez, hiriko zirkulazioa arintzea du helburu aldundiak. Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak nabarmendu duenez, “gaur gaurkoz, Donostiako zirkulazioa Urumea pasealekuaren mende dago, eta beste aukera bat behar du. Alternatibak irekitzeak zirkulazio kolapso gutxiago eragingo du, ibaiarekiko menpekotasun gutxiago”.
Marrutxipiko lotura berria Polloe eta Intxaurrondoko tunelen artean kokatuko da. Iparraldean Etzieta eta hegoaldean Castelao parkeekin 580 metroko distantziara dago, oso urbanizatuta dagoen ingurune batean. Sarrera eta irteera mugimendu guztiak hartzen dituen lotura oso bat izango da, ekialdekoa zein mendebaldekoa, Etzieta eta Castelao parkeei eragin gabe. Lotura berri honek Ategorrietatik eta Ipar Intxaurrondotik sartzeko eta irteteko aukera irekiko du, eta horrek hiritik irteteko beste bide batzuk deskargatzen lagunduko du. Esaterako, Frantziako pasealekua eta Federico Garcia Lorca pasealekua, gaur egun Grosetik eta Egiatik ateratzeko erabiltzen dena.
Bizilagunen koordinakundea
Marrutxipi bizilagunen koordinakundeak bilera bat eskatuko dio aldundiari, obrei buruzko “lehen eskuko informazioa” izateko. Intxaurrondo, Marrutxipi eta Egiako bizilagunek osatzen dute koordinakundea, eta webgunea sortu dute. Auzo osoak mugikortasun aldaketak jasango dituela diote, eta udalarekin eta aldundiarekin harremanetan egon behar dutela uste dute. Bereziki makro proiektuak eragin dezaken kutsadura akustikoagatik daude kezkatuta. Horregatik, informazio guztia eskuragarri izan nahi dute proposamenak egin eta proiektuaren garapenaren parte izan daitezen.