Berdantza miarritz bat ikusi dute Antondegin, Gipuzkoan oso urria den espeziea
Itsas Enara ornitologia elkarteko Roberto Alberdik beste hegazti espezie interesgarri bat behatu eta erretratatu zuen asteartean Martuteneko Antondegi eremuan: berdantza miarritz bat. Hegazti migratzailea da berdantza miarritza, eta Itsas Enarakoek azaldu dutenez, Gipuzkoan “oso gutxitan” ikusi ohi da. Hamabost zentimetro inguruko hegazti txikia da berdantza miarritza, baina txikia izanda ere, migrazio handiak egiten ditu: negua Afrikan pasatzen du, eta urtaro beroagoak, aldiz, Europan eta Asiako mendebaldean.
Horrela, adituek Antondegin, Wavegarden enpresak olatu artifizialen surf parke bat eraiki nahi duen eremuan, behatu dituzten hegaztien zerrenda luzera gehitu da berdantza miarritza. Besteak beste, sai zuri bat, antxandobi bikote bat eta sai beltz bat behatu dituzte azken hilabeteotan. Ugaztunak ere badabiltza naturagune horretatik, eta, hain justu, azeri bat grabatu zuten duela gutxi.