Sai arre bat Haizearen Orrazian

Astearte eguerdian eta arratsaldean Haizearen Orraziaren inguruan zebiltzanek ezusteko handi bat eraman zuten, sai arre bat agertu baitzen. Lekukoek Itsas Enara ornitologia elkarteko Xabier Saralegiri azaldu diotenez, hegaztia eguerdian azaldu zen, eta ordubete inguru pasa zuen han atseden hartzen, bere kabuz Igeldo aldera hegan joan zen arte. Itsas Enarakoak dioenez, arratsaldean ere Haizearen Orraziaren inguruan ikusi zuten.
Saralegiren arabera, ale gaztea zen atzo agertutakoa: “Moko beltza, lepoaldeko bufandako luma gorrixkak, eta abar”. Dioenez, “zirrenik, nekeak jota aukeratu zuen ezohiko pausaleku hori”. Jokabide hori ale gazteetan nahiko ohikoa dela gaineratu du: “Gazteak ez dira helduak bezain hegalari trebeak, eta gainera, jana topatzeko ere helduek baino eskarmentu gutxiago dute. Nahasketa perfektua edozein tokitan bukatzeko”.
Azken hilabeteotan sai arreekin lotutako bigarren albistea da Haizearen Orrazian agertutakoaren alearena, Itsas Enara elkarteak apirilean jakinarazi baitzuen espezie horretako bikote batek hiriko itsaslabar batean habia egin zuela, estreinakoz.