Udaltzaingoak etxe turistikoak kontrolatzeari utzi diola salatu du Ezker Anitzak
Orain arte, Donostiako Udaltzaingoaren Ekintza Komunitarioko Unitateak hiriko etxebizitza turistikoak kontrolatzeko lana egiten zuen, egoera irregularrean funtzionatzen ari zirenak identifikatzeko eta neurriak hartzeko helburuarekin. Ezker Anitza-IUk salatu duenez, ordea, “[Eneko] Goiaren gobernuak aldez aurretik abisatu gabe erabaki du Ekintza Komunitarioko Unitateak (BEKU-UMAC) hiriko etxe turistikoak kontrolatzeko lanarekin amaitzea, eta zerbitzu hori ematen zuten agenteak udaltzainen irudi korporatiboko kanpaina bat garatzera bideratu dira”. Horregatik, jakinarazi dute Ezker Anitzako Haizea Garai zinegotziak –Elkarrekin Donostia koalizioaren barruan dago– alkateari gai horren inguruan galdetuko diola iraileko udal batzordeetan, baita zerbitzua itzul dadin eskatu ere. “Unitate horrek egiten zuen ikuskatzea ezinbestekoa da egoera irregularrean dauden etxe turistikoak aurkitzeko, eta, horregatik, berriz ezartzeko eskatzen dugu”, adierazi du Garaik.
Ezker Anitzakoek gogorarazi dute unitate horren hasierako helburua auzoetako gizarte gatazketan bitartekaritza lana egitea zela, baina hiriko etxe turistikoen kopurua hazten hasi zenean, halakoetan egon zitezkeen irregulartasunak kontrolatzera bideratu zela unitatearen lana. “Gogorarazi nahi dugu 2018an, abian jarri eta bi hilabetera, ikuskaritzek eta lizentzien berrikuspenak 165 etxebizitza ixtea ahalbidetu zutela, jarduera lizentziarik ez zutelako”, nabarmendu du Garaik. “Etxebizitza horiek zaintzeko lanak beharrezkoak dira oraindik hirian, eta, gainera, ulertezina da zerbitzu hori udan bertan behera utzi izana, garai horretan turismo gehiago baitago hirian”, gaineratu du zinegotzi ezkertiarrak.
Ezker Anitzak nabarmendu du ez dutela ulertzen udal gobernuaren erabakia, eta azalpen bakarra aurkitzen dio Garaik: “Udal gobernuak ez du hiriko jarduera mota horien legezkotasuna kontrolatzen jarraitu nahi”.