Irailaren 20an itxiko da Behobia-Donostia lasterketan izena emateko epea
Pandemia dela eta, bi data posible aurreikusi zituzten 2021eko Behobia-Donostia lasterketa egiteko, azaroaren 14a eta 2022ko otsaila. Hala ere, egungo neurriek azaroaren 14ean lasterketa egitea ahalbidetuko dute eta aurtengo edizioa egoerara egokitutakoa izango da. Hain zuzen, parte hartzea mugatu dute eta gehienez 25.000 pertsonak parte hartu ahalko dute, 2019ko edizioan baino %25a gutxiago. Horrez gain, irteera ordua aurreratu eta luzatuko dute irteerak mailakatu eta jende pilaketak ekiditeko.
Izen ematea ekainaren 15ean ireki zen eta datorren astelehenean, irailak 20, itxiko da. Izen ematearen inguruko argibideak Fortuna Kirol Elkartearen webgunean daude eskuragarri.