Uliako Lore-Baratzak taldeak Europako Bauhaus Berria saria irabazi du
Albiste onak iritsi dira Bruselatik (Belgika), Uliako Lore-Baratzak taldearen Ulia Garden proiektuak Europako Bauhaus Berria saria irabazi baitu. “Sinestezina da gurearen moduko herri ekimen batentzat Bruselan egotea, eta sari hau jasotzea. Honek frogatzen du herritarren inplikazioa, gure bizitzaren zati txiki bat denen alde ematen dugun pertsona askoren konpromisoa, berez, guztion botere handia dela”, adierazi du pozik, Uliako Lore-Baratzak taldeak. “Europaren etorkizuna gu gara, pertsona kontziente eta emantzipatuak”, gaineratu dute.
Europa osoko 2.000 proiektu baino gehiago aurkeztu ziren sari horietara, eta horietatik 60 hautatu zituzten finalerako, hamar kategoriatan banatuta. Uliako boluntario taldeak aurkezturiko egitasmoa zazpigarren kategorian sailkatu zuten, elkartu eta partekatzeko berrasmatutako tokiei dagokien kategorian. Uliakoa beste bi proiekturekin lehiatu da saria eskuratzeko, eta lehenengo saria eskuratu du.