Zinemaldiko aztarna donostiarra
69. Zinemaldia hastear da, eta aurten ere nazioarteko izarrez beteko da hiria hilaren 17tik 25era. Nazioarteko ekoizpenetatik eta artistetatik harago, ordea, Donostiarekin lotura duten hainbat lan ere ikusi ahal izango dira Zinemaldian: aktore, gidoilari edo zinemagile donostiarrak dituztenak, hirian grabatuta daudenak, eta abar. Horietako hamar bildu ditu IRUTXULOKO HITZAk:
‘AZTARNAK’ (Maru Solores)
Maru Solores zinemagile donostiarra bere bigarren film luzea aurkeztera dator Zinemaldira: Aztarnak. 2011n bere lehenengo lan luzea ondu eta Zinemaldian aurkeztu ostean –Camera obscura–, jaialdira itzuli da Solores, eta bere filmarekin itxiko dute Zinemira atala, hilaren 24an, Kursaalean. Horrez gain, hurrengo egunean Trueba eta Principe zinema aretoetan ere proiektatuko dute.
‘MAIXABEL’ (Iciar Bollain)
Iciar Bollainek pantaila handira eraman du ETAk eraildako Juan Mari Jauregi politikariaren alargunaren istorioa. Hain zuzen, hilketatik hainbat urtera, Maixabel Lasa, Jauregiren alarguna, bere senarra hil zuen etakideetako batekin bildu zenekoa kontatzen du filmak. Donostia bi arrazoirengatik dago presente filmean. Alde batetik, eszena batzuk hirian grabatuta daudelako, Aieten eta Grosen, besteak beste. Bestetik, Koldo Zuazua donostiarra ekoizpen lanetan aritu delako. Gaur bihar eta etzi proiektatuko dute, Kursaalean eta Principe zinema aretoetan.
‘LAS HUELLAS DE ELBULLI’ (Iñigo Ruiz Akerreta eta Jose Larraza)
Gastronomia gustuko baduzu, zuretzako eginda dago Zinemaldiko Culinary Zinema saila, eta goi mailako sukaldaritza maite baduzu, Las huellas de elBulli filma ikustera joan behar duzu. Ferran Adria sukaldari katalanaren ibilbidea eta sukaldaritzan eta iruditeria kolektiboan izandako eragina aztertzen du obrak. Hori guztia pantailan islatzeko, ezinbestekoa izan da Juan de la Cuesta gidoilari donostiarraren lana.
‘ERLAUNTZA’ (Mireia Gabilondo)
Antzerki gisa hasi zuen ibilbidea Erlauntza-k, eta oholtzetan egindako lana pantaila handira eraman du Mireia Gabilondo zinemagileak orain. Hilaren 23an aurkeztuko dute Principe zinema aretoetan, eta hainbat aktore donostiarren lana ikusi ahal izango da emakume kuadrilla baten harremana hizpide duen filmean. Hain zuzen, Naiara Arnedok egin du pertsonaietako bat, eta Donostian bizi diren Aitziber Garmendiak eta Sara Cozarrek beste bi. Era berean, Fernando Bernues donostiarra ekoizpen lanetan ibili da.
‘Y ASÍ SEGUIRÁN LAS COSAS’ (Marina Palacio)
Iaz Ya no duermo film laburra aurkeztu ostean, beste aurrerapauso bat eman du Marina Palacio zinemagile donostiar gazteak, eta bere lehenengo film luzearekin dator Zinemaldira: Y así seguirán las cosas. Ikusmira Berriak programaren barruan hautatu duten bost filmetako bat da Palaciorena, eta beraz, Zinemaldiaren testuinguruan arituko da bere obra lantzen.
‘FANTASÍA’ (Aitor Merino)
Asier ETA biok-en bere ETAn sartutako bere lagun Asierren eta beraren arteko harremana kontatu ostean, familiara begira jarri da Aitor Merino zinemagile eta aktore donostiarra, eta Fantasía filma ekarri du Zinemaldira. Bere arreba Amaiak (filmean gidoilari lanak egin ditu) eta berak euren gurasoekin duten harremanaren erretratu atsegina egin du. Hilaren 21ean aurkeztuko dute Principe zinema aretoetan, eta hurrengo egunean ere proiektatuko dute, Trueban.
‘HELTZEAR’ (Mikel Gurrea)
Udan zehar bere lehenengo film luzea grabatzen aritu ostean –Suro–, Heltzear film laburrarekin heldu da Zinemaldira Mikel Gurrea zinemagile donostiarra. Sara izeneko 15 urteko eskalatzaile baten ingurukoa da filma, eta euskal gatazka oso presente dauka. Hilaren 24an aurkeztuko dute Tabakaleran, eta hurrengo egunean Tabakaleran bertan, Trueban eta Antiguo Berrin ikusi ahal izango da.
‘IRABAZI ARTE’ (Javier Garcia de Vicuña)
Emakumeen futbolaren inguruan dihardu Irabazi arte telesailak. Lehenengo atala emango dute aurtengo EITB Galan, eta hainbat aktore donostiar ikusi ahal izango dira pantailan: Sua Enparantza, Alvaro Garaialde, Aritz Basterra eta Nahia Sillero, besteak beste. Hilaren 21ean (Principen) eta 22an (Viktoria Eugenia Antzokian) proiektatuko dute.
‘HONDALEA’ (Asier Altuna)
Donostiar ororen ahotan egon da azken urtean Cristina Iglesias artistak Santa Klara uharteko itsasargian egin duen esku hartze artistikoa: Hondalea. Hirian eztabaida sortu duen proiektua izan bada ere, Iglesiasen ibilbideko obra garrantzitsuenetako bat da, eta Asier Altuna zinemagileak pantaila handira eraman du obra itsasargian instalatzeko prozesua. Hilaren 20an eta 21ean proiektatuko dute.
‘TADEO JONES 2: MIDAS ERREGEAREN SEKRETUA’ (Enrique Gato eta David Alonso)
Haurrentzako Belodromoa Ikastetxeetan saioan marrazki bizidunetako Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua filma proiektatuko dute Gipuzkoako hainbat ikastetxetan –pandemiaren ondorioz, bigarren urtez, ezin izan dute Anoetako belodromoa erabili–. Ezkutuko altxorren gaia du hizpide filmak, eta horregatik, Maria Intxaustegi itsas arkeologoak bideoan grabatutako aurkezpena eta hainbat azalpen proiektatuko dituzte filmarekin batera, itsasoan hondoratutako ondarearen inguruko lan handia egin baitu Intxaustegik.