Arte publikoaren BAI topaketek Intxaurrondon abiatuko dute euren ibilbidea

Caradepan kultur elkarteak, udalaren, Donostia Kulturaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, arte publikoaren BAI topaketak antolatu ditu estreinakoz, eta Intxaurrondoko lau eskultura izango dituzte hizpide. “Ba al zenekien Donostia eskulturaren, arte publikoaren eta hirigintza-antolamenduaren kanpoko museoa dela? Hortik abiatuta, BAIk Intxaurrondon kokatzen du bere lehen edizioa, non lau eskultura txundigarri sortu zituzten 1990eko hamarkadan 57 taldeak, Koldobika Jauregik eta Agustin Ibarrolak, auzoko biztanleen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko asmoz”, azaldu dute Caradepanekoek. Sagastieder plazako biribilguneko Formak hazkuntzan eskultura (Koldobika Jauregi, 1994), Pablo Sorozabal plazako biribilguneko Monolitoa eskultura (57 taldea, 1990), plaza horren ondoko Siluetak eskultura (Agustin Ibarrola, 1988-1989) eta Bernat Etxepare plazatxoko Ume-jolasa eskultura (Agustin Ibarrola, 1991) izango dituzte ardatz.
Horrela, topaketak hilaren 18an abiatuko dituzte, eta lau obra horietan oinarritutako askotariko ikastaroak eskainiko dituzte, urriaren 16ra arte. Besteak beste, Maushaus, Dunak Taldea eta Harago Aholkularitza kolektiboekin elkarlanean egingo dituzte ikastaroak, honako helburuarekin: “Auzoko bizilagunak obra horietaz jabetu daitezen, horietako bakoitzaren bertsio berri bat sortuz”. Horrela, topaketak “obra bakoitzari herritarrek emandako erantzuna izango dira: auzoaren garaikidetasunean, biztanleen oroimen indibidual eta kolektiboan oinarritutako berrinterpretazioa”.
Ikastaro horietan garatzen dituzten artelanak aipatu eskulturen inguruan jartzen joango dira, behin-behinean eskulturen parte izan daitezen. Egitasmoa urriaren 16an bukatuko da, KristON larunbata festarekin: “Ikastaroetan sortutako berrinterpretazioak KristON larunbatean bermatu dituztenen aurrean jarriko dira, eta Donostiako herritarrek BAIk antolatutako doako ibilbide gidatuez gozatu ahal izango dute. Ibilbidearen azken etapan, Euskal Herriko sortzaileei ikusgarritasun handiagoa ematea helburu duen deialdi artistikoaren proiektu irabazlea erakutsiko da”, azaldu dute Caradepan elkartekoek. Horrela, topaketak beste auzo batzuentzako “erakargarriak” izatea espero dute antolatzaileek: “Familientzako eta kalean antzeko jarduerak egin ahal izateko. Horrela, urteko programazioa osatuko da, hirian dagoen ondarea kontutan hartuz eta harekin bizi direnek parte hartuko dute”.
Jarraian, Intxaurrondoko BAI arte topaketetako ikastaroen egitaraua:
- Emakumeentzako sormen ikastaroa. Irailaren 18an eta 25ean, 10:00etatik 13:00etara, Intxaurrondo Kultur Etxean.
- Haurrentzako sormen ikastaroa. Irailaren 25ean eta urriaren 2an, 10:00etatik 13:00etara, Intxaurrondo Kultur Etxean.
- Familientzako sormen ikastaroa. Urriaren 2an eta 9an, 10:00etatik 13:00etara, Intxaurrondo Kultur Etxean.
- Bisita gidatuak, urriaren 16ean, Bernart Etxepare plazan.
- Itxiera, urriaren 16ean, Intxaurrondo Kultur Etxean.