Gaueko aisialdia 03:00ak arte luzatuko da bihartik aurrera

Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak bilera egin du gaur, eta bihartik aurrera gaueko aisialdia luzatzea erabaki du. Goizeko hirurak arte zabaldu ahal izango dira ostatuak eta kultur eta merkataritza jardueretarako ere muga bera izango da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik hiru arrazoi nagusi eman ditu “trantsizio” egoera bat abiatzeko. Batetik, txerta daitezkeem herritarren %85ak txertoa hartu du, ZIUetako eri kopurua nabarmen gutxitu da eta bestetik, hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua ere apalagoa da orain. Hain zuzen, 15o kasukoa da, “aurreko Labiren bileran baino ia berreheun puntu gutxiago”.
Hala ere, oinarrizko prebentzio neurriak mantenduko dira, toki itxitan eta distantziarik mantendu ezin denetan maskara erabili beharko baita. Kirol jardueren kasuan, kanpoko jardueretan gehienez 1.800 lagun elkartu ahalko dira eta barrukoetan 1.500 lagun.
Ostalaritzari dagokionez, ezingo da barran kontsumitu eta %75eko jarduera onartuko da barruan. Toki itxietan, zortzi lagun eseri ahalko dira mahai berean, eta kanpokoetan, hamabi. Dantzaleku eta antzekoetan %50 jarduera onartuko da, baina ezingo da barran eta zutik kontsumitu. Gazteen lokalak irekitzeko aukera izango da 16-29 adin tarteko gazteen %85 txertatua dagoenean.
Neurriak, ordea, hamabost egun barru berrikusiko direla jakinarazi du Sagarduik.