"Herritarrei poztasuna eta argia helarazi behar genien"
Eva Villar diseinatzaile donostiarra zinemazalea da betidanik, eta Zinemaldia bere hirian izatea berarentzat «luxua» dela dio. Horregatik, 69. Zinemaldiko kartelak diseinatzeko eskaintza egin ziotenean, bi aldiz pentsatu gabe eman zuen baiezkoa. Juan Ugalde artistarekin batera egin ditu kartelak, eta sorkuntza prozesua nolakoa izan den kontatu du.
Nola iritsi zitzaizun Zinemaldiko kartelak diseinatzeko eskaintza?
Zinemaldiko arduradunek deitu zidaten, eta sekulako poza hartu nuen. Pentsa, pandemia garaia zen, eta edozein enpresa txikiren moduan, nahiko egoera ezegonkorrean geunden, beraz, oso garrantzitsua da horrelako proiektu bat egitea guretzat. Bestalde, nik kultura herritarrengana hurbiltzeko helburua izan dut beti, eta horregatik ere poztu nintzen Zinemaldiaren eskaintzarekin. Izan ere, nire lanarekin, herritarrei kultur balio jakin batzuk transmititu nahi zizkieten, eta nik %100ean egiten dut bat balio horiekin.
Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?
Pasa dugun garai grisaren ondoren, herritarrei poztasuna eta argia helarazi behar genien; beharrezkoa zela iruditzen zitzaidan. Horregatik, TGA enpresatik zehaztuta zeuden koloreak bete-betean saturatu nituen [TGA enpresak Zinemaldiaren irudiak aurrerantzean jarraitu beharreko irizpideak ezarri zituen duela bi urte], argitasun eta poztasun hori nabarmentzeko. Hasieratik, Zinemaldiarekin partekatu nituen buruan nituen ideiak, eta lehenengo momentutik bat egin genuen: beraiek ere poztasuna helarazi nahi zuten aurtengo kartelekin. Hori transmititzen duen aktore baten irudia erabili nahi zuten kartelean, zera esan zidaten: ‘poztasuna eta lasaitasuna transmititzen duen emakume heldu bat izatea nahi dugu’.
Juan Ugalde artistarekin elkarlanean garatu duzu kartela.
Artista batekin batera lan egin nahi nuen, eta Juan Ugalderi proposatu nion elkarlanean aritzea. Zortzi kartel egin behar genituen guztira, eta sail bakoitzaren ezaugarriak ondo transmititu behar genituen kartelekin, eta oso zehatzak izan behar genuen: Zabaltegi sailean ideia arriskatuak dituzte hizpide, Perlak sailean film kontsakratuagoak proiektatzen dituzte, eta abar. Jaialdiarekin kartelen maketak adostuta nituen, baina harago joan behar genuen, eta horregatik, luxua izan da Juan Ugalderekin batera lan egitea. Oso prozesu aberasgarria izan da.
Kartel bakoitzak ideia desberdin bat helarazten badu ere, koherentzia egon behar da denen artean, ezta?
Familia bat dira. Koherentzia ematen diena zera da: Juan Ugaldek margotu dituela eta collage estilokoak direla.
Sigourney Weaver da kartel ofizialeko irudia. Zuek hautatu duzue?
Ez, Zinemaldiak hautatu zuen, eta argazkia bidali zigun. Sigourney Weaverrena sail guztietako kartelen aterkia da nolabait; beraz, gainontzeko karteletako koloreak izan behar zituen. Horrela, Juanek gainontzeko sailetako karteletako fondoak margotzen zituenean, brotxakadak ematen zituen kartel ofizialean, kartel guztietako koloreak izan zitzan.
Emaitzarekin pozik zaudete?
Bai. Maitasun handiz lan egin dugu, eta ordu asko inbertitu ditugu. Sinplea dirudi, baina lan handia dago atzean, eta horregatik hartu du hartu duen indarra. Gaur egungo gizartean dena oso azkar doa, eta horren aurrean, proiektuei behar duten denbora inbertitzearen aldekoa naiz. Izan ere, nire ustez, kulturak eskaintzen dizkigun balioak hortik doaz: kantitatearen aurretik kalitatea aintzat hartzea, aurrean dugunaren inguruan hausnartzea, eta abar. Horregatik, erosoago sentitzen naiz herritarrei kulturaren inguruko ideiak transmititzen. Gainera, aipatzekoa da taldean egindako lan bat izan dela: Juan Ugalde eta ni elkarlanean aritu gara, baina Juan Herrero argazkilariarekin, Unai Guerra bideo editorearekin, Oscar Olivarekin eta Javier Villalabeitia moldatzaileekin eta Photogunerekin batera ere lan egin dugu.
Kartelak Altxerrin daude ikusgai orain, ezta?
Juanek bere lana herritarrekin partekatu nahi izan zuen, eta bere bozetoak Altxerrin jarri ditu ikusgai.
Zinemaldiaren kartelak egin dituzu, baina zinemazalea zara?
Gustuko dut, bai. Zinemaldia Donostian izatea luxua izan da niretzat betidanik, eta, horregatik, jaialdian murgiltzen saiatzen naiz urtero, nahiz eta ezin dudan gustatuko litzaidakeen guztia ikusi. Hala ere, aukera izan dudanean, egunean lau film ikusten dituen horietakoa izan naiz. Aurten, akreditazioa eman didatenez, pozaren pozez nago; ahalik eta film gehien ikusten saiatuko naiz. Bereziki, Horizontes Latinos eta Zabaltegi sailetako lanek bete ohi naute.