Autoak ezingo dira Kontxako pasealekutik ibili hilaren 28tik aurrera
Esku hartze handi bat egingo dute Kontxan, eta bederatzi hilabete iraungo dute lanek. Horrela, hilaren 28tik aurrera, Kontxako pasealekuko galtzadatik soilik garraiobide publikoak, taxiak, motorrak, eta larrialdietako ibilgailuak pasa ahal izango dira; bizikletek eta oinezkoek, aldiz, pasabidea bermatuta izango dute.

Donostiako Udalak esku hartze handi bat abiatuko du asteartean, hilaren 21ean, Kontxako hondartzaren inguruan, eta lanek bederatzi hilabete iraungo dute. Duñike Agirrezabalaga Proiektu eta Obretako zinegotziak eta Pilar Arana Mugikortasun eta Garraioko zinegotziak eman dute proiektuaren berri, eta lau esku hartzek osatuko dutela azaldu dute: kostaldeko horma konpondu eta handituko dute, Kontxako baranda berrituko dute, San Martin eta Zubieta kaleetako zirkulazioaren noranzkoak behin betiko aldatuko dituzte eta Kontxako bidegorria berritzeko hirugarren fasea gauzatuko dute, Ibaetako bulkada hodiak luzatzearekin batera. Lanek 2.559.000 euroko aurrekontua dute, eta Moyua enpresari adjudikatu dizkiote, lehiaketa publiko baten bidez.
Hilaren 21ean lanak hastearekin batera, lehenengo aldaketak egingo dituzte zirkulazioan: hain zuzen, Zubieta eta San Martin kaleetan errei bakarra utziko dute, eta hainbat mozketa egingo dituzte Zubieta plazaren inguruan. Ordea, hilaren 28an iritsiko dira aldaketa handienak, lanak direla eta, Kontxako pasealekuan errei bakar bat utziko baitute irekita, eta semafoto alternatiboez araututa, garraio publikoak, taxiek, motorrek eta larrialdietako ibilgailuek ibili ahal izango dute soilik errei horretatik. Autoek, beraz, ezin izango dute Kontxako pasealekutik pasa datozen bederatzi hilabeteetan, 2022ko ekainera arte, alegia. Horrela, ibilgailu pribatuen erabiltzaileei “periferiako bideak” hartzeko gomendatu die udalak, eta zinegotziek azaldu dute hiriko hamaika gunetan seinalizatuko dutela Kontxako mozketa, eremu horretara heldu aurretik bide alternatiboak hartu ahal izateko.
Proiektua “XXI. mendeko hirien irizpideak jarraituta” garatu dutela nabarmendu dute zinegotziek, eta Aranak nabarmendu du “onurak” ekarriko dizkiola hiriari etorkizunean: “Ulertzen dugu lanek eragina izango dutela ibilgailuetan, baina epe ertain eta luzera onurak ekarriko dituzte hiriarentzat. Izan ere, hiriaren erdiguneko trafikoa bideratzeko aukera emango digute, eta, horrela, oinezkoentzako espazio askoz atseginagoak izango ditugu”. Era berean, lanek sortuko dituzten eragozpenengatik “barkamena” eskatu du Aranak. Ildo beretik jo du Agirrezabalagak: “Oinezkoei eta herritarren gozamenari gehiago begiratzen dion hiri eredu batean aurrera egiten ari gara. Zentzu horretan, Kontxa pasealekuko espaloia handitzeko aprobetxatuko dugu, ibilbidearen zatirik handienean sei metroko zabalerara iritsiko dena. Era berean, Kontxako egungo bidegorria osatuko dugu”. Bidegorriaren harira, zera gaineratu du Aranak: “Bidegorria enblematikoa da dagoeneko, baina are enblematikoagoa izango da aurrerantzean. Izan ere, galtzadara jaitsiko dugu, eta seguruagoa izan dadin, zabaldu egingo dugu”.

Pilar Arana eta Duñike Agirrezabalaga zinegotziek eman dute Kontxako lanen berri. (Argazkia: Beñat Parra)
Bizikletak eta oinezkoak pasa ahalko dira
Zinegotziek nabarmendu dute lanek irauten duten bederatzi hilabeteetan zehar “bizikleten eta oinezkoen pasabide bermatuta” egongo dela. Horrela ere, aldaketa batzuk izango dituzte txirrindularientzako eta oinezkoentzako bideek: hilaren 28tik aurrera eta hiru hilabetez, esaterako, txirrindulariek bidegorri zaharretik joan beharko dute pasealekuko 17. zenbakitik 40.era doan tartean. 40. zenbakitik Antiguako tunelera, aldiz, oinezkoek eta txirrindulariek espaloian elkarbizi beharko dute.
Hiru hilabete horien ondoren abiatuko dute lanen bigarren fasea, eta pasealekuko baranda aldatuko dute, besteak beste. Lan horiek irauten duten bitartean, bizikletek bidegorri berritik joan beharko dute, eta oinezkoek, aldiz, zaharretik.
Bestalde, Zubieta eta San Martin kaleetako noranzkoak behin betiko aldatuko dituzte proiektuaren bidez, eta inguruko beste kale batzuetan ere zenbait aldaketa egingo dituzte.