Onkologikoarekin eta bere langileekin zer gertatuko zain
2022ko urtarrilaren 1erako guztiz gauzatuta beharko luke Donostiako Onkologikoko publifikazio prozesuak, baina gaur gaurkoz, langileek ez dakite zer gertatuko den beraiekin eta zentroarekin. Horregatik, ezegonkortasunarekin bukatzeko eskatzen ari dira.
Duela ia hiru urte, 2019an, abiatu zuten Kutxak eta Eusko Jaurlaritzak Donostiako Onkologikoa osasun sare publikoan integratzeko prozesua, eta publifikaziorako bidean pausoak eman badituzte ere, garrantzitsuenak falta dira: langileekin eta zentroarekin zer gertatuko den zehaztea. IRUTXULOKO HITZA Onkologikoko enpresa batzordeko lau kiderekin elkartu da, eta hala laburbildu dute egoera euren izenean hitz egin beharrean, enpresa batzordearen izenean hitz egin nahi izan dute: “2022ko urtarrilaren 1ean bukatuko da publifikazio prozesuaren epea, eta momentuz ez dakigu zer gertatuko den Onkologikoarekin, ez digute informazio argirik ematen”.
Dagoeneko aldaketa ugari egin dituztela gaineratu dute: “Aurrekontu osoa Osakidetzak jartzen du jada, eta, esaterako, Donostia Ospitaleko 50 langile inguru hemen ari dira lan egiten orain”. Beraiek, ordea, publifikazio prozesua hasi aurretik Onkologikoan lan egiten zuten langileek, Onkologikoa Fundazioaren langileak izaten jarraitzen dute Kutxaren mendeko Kutxa Fundazioaren mende dagoen fundazioa, nahiz eta ez duten erakunde horren aginduetara lan egiten gaur egun: “Osakidetzaren aginduetara ari gara lan egiten eta Osakidetzak ordaintzen digu, baina Onkologikoa Fundazioaren langileak izaten jarraitzen dugu”.
Era berean, zentroak dituen baliabideak behar bezala erabiltzen ari ez direla salatu dute: “32 ohe ditugu hemen, eta azkenaldian, asko jota hamazazpi izan ditugu beteta. Egun batzuetan, lau izatera ere heldu gara. Era berean, hainbat ebakuntza gela ere itxi dituzte”. Pazienteak Onkologikora bideratu ordez, beste osasun zentro batzuetara bideratzen ari direla salatu dute, eta horrek euren lana gutxitzeaz gain, beste zentroak “kolapsatu” egiten dituela nabarmendu dute, baita “pazienteen itxaron zerrendak luzatu ere”. Euren lana arriskuan ikusten dutela gehitu dute: “Nahiko kolokan ibili gara beti. Kutxak dirua jartzeari utziz gero zentroak etorkizunik ez zuelako izango. Horregatik, publifikazio prozesua abiatzean, pentsatu genuen Osakidetzak lana bermatuko zigula. Ordea, hiru urte pasa dira, eta gero eta egoera ezegonkorragoan gaude; are gehiago, lana bermatu ordez, lana kentzen ari dira”.
Horrez gain, Osakidetzako langileekin lehiatzeko asmorik ez dutela diote: “Oposizio batzuk egin dituzte, eta horrek meritua du, baina bizitza guztia Onkologikoan lanean daramaten langileekin zer gertatuko den jakin nahi dugu. Osakidetza Onkologikoa xurgatzera etorri da, eta hemengo 200 langileak bere gain hartu behar ditu”.
Bere estilo propioa galdu du
Osakidetzaren mende gelditzearekin batera, Onkologikoak bere lan egiteko modua erabat galdu duela deitoratu dute langileek: “Lehen, egin beharreko jarduketa guztiak egun berean egiten zitzaizkion pazienteari: proba diagnostikoak, kontsulta, eta abar. Pazienteak asko eskertzen zuen hori. Orain, ordea, lan egiteko beste modu bat iritsi da hona, eta pazienteen kexak jasotzen ari gara, beste funtzionamendura ohituta zeudelako”. Onkologikoko gauza onak mantendu zitzaketela nabarmendu dute: “Ez diogu Osakidetzan gauzak gaizki egiten dituztenik, baina Onkologikoaren gauza onak aprobetxatu zitezkeen, eta ospitale berezi bat sortu, patologia jakin batzuetan espezializatutakoa”.
Ildo horretatik, susmo txarrak dituzte Onkologikoaren etorkizunaren inguruan, “anbulatorio” bat izaten bukatuko duela uste baitute: “Euren planteamendua hau da: minbizia duen paziente bat heltzen bazaie, Donostia Ospitalera bidaliko dute ebakuntza egitera, hona ekarriko dute tratamendua jasotzera [kimioterapia, erradioterapia edo dena delakoa] eta tratamendua bukatuta, jarraipen guztia Donostia Ospitalean egingo diote”. Gainera, dagoeneko bide horretan hainbat pauso eman dituztela gogorarazi dute: “Horretarako ari dira ebakuntza gelak kentzen, eta horretarako egin dituzte lehenengo solairuko lanak, kimioterapia emateko hamabi gela izatetik 50 izatera pasa baikara. Zerbitzuak kentzen badituzu, ordea, zerbitzu horietan lan egiten duten langileekin zer gertatuko den argitu behar duzu”.
Mobilizatzen jarraituko dute
Ezegonkortasunarekin bukatu nahi dute langileek, eta horregatik, hainbat aste daramatzate mobilizazioak egiten: “Ostegunero Onkologikoaren atarian elkarretaratzen gara ordu erdiz, 14:45etik 15:15era, eta urriaren 2an kalejira aldarrikatzaile bat ere egingo dugu”, azaldu dute. Kalejiraren aurretik, Anoetako estadioaren kanpoaldeko zabalgunean elkarretaratuko dira, 12:00etan. Ondoren, Madril hiribideko Kutxaren egoitzatik abiatuko dute kalejira, eta Pio XII.aren plazan bukatuko dute, Gipuzkoako Osasun Delegaritzaren aurrean.
Era berean, Eusko Legebiltzarreko “alderdi guztiekin” jarri dira harremanetan, eta oposizioko taldeen babesa dutela azaldu dute. Ordea, EAJren jarrera salatu dute: “Boterean dagoen alderdiak iritzi publikoari ulertarazten dio Onkologikoko publifikazio prozesua gauzatuta dagoela, baina hori ez da hala”.