Reala puntu baliotsu batekin itzuli da Herbehereetatik
Realak ostegunean egin zuen debuta 2021/2022 denboraldiko Europa ligan, eta maila ona erakutsi zuen Eindhovenen, PSVren etxean. Hain zuzen, 2-2 bukatu zen norgehiagoka, eta txuri-urdinek puntu garrantzitsu bat ekarri dute Donostiara, txapelketa europarrean aurrera egiteko baliotsua izan daitekeena.
Aurkari gogorra zuten aurrean Imanol Alguacilen mutilek, Eredivisie ligan lehenengo postuan baitago PSV, orain arte jokatu dituzten lau neurketak irabazita. Horrela ere, Reala ez zen kikildu, eta lehenengo minututik partida bizia izan zen. PSVk kalitate handiko jokalariak ditu aurrean, eta horregatik, talde txuri urdina oso kontzentratuta atera zen zelaira. Lehenenengo hogei minutuetan Eindhovengoak izan ziren nagusi jokoan, baina ondo aguantatu zuen Realak, eta pixkanaka erdilari eta aurrelari txuri-urdinak baloia gehiago ukitzen hasi ziren. Horrela heldu zen Realaren lehenengo gol aukera argia, Januzajek area kanpotik sekulako jaurtiketa egin eta baloia zutoinera bidali zuenean.
Reala eroso sentitzen hasia zenean, ordea, heldu zen PSVren lehenengo gola. 32. minutuan, Maduekeren erdiraketa bat desbideratu zuen Remirok, baina Gotze han zen, errebotea ate barrura bidaltzeko. Txuri-urdinek azkar erreakzionatu zuten, eta, 34. minutuan, erdiraketa bikain bat egin zuen Joseba Zalduak eskuin hegaletik, eta Januzajek kalitate handiz bidali zuen baloia sarera, berdinketa egiteko.
Donostiarrek erasoan jarraitu zuten, eta handik gutxira aurreratu ziren markagailuan, 39. minutuan. Hain zuzen, Merinok jokaldi bikain bat abiatu zuen PSVren zelaian, baloia Januzaji eman zion, honek pase bikaina eman zion Zalduari eta, beste erdiraketa bikain bat egin zuen harrobiko jokalariak, Isakek errematatzeko. 1-2 heldu ziren bigarren zatira, eta, 54. minutuan, PSVk berdinketaren gola egin zuen, Gotzeren jokaldi bikain baten ostean. Azken orduerdian, bi taldeek izan zituzten hirugarrena egiteko gol aukera argiak, baina ez ziren gai izan markagailuan aurreratzeko. Aipatzekoa da Oiartzabalek azken minutuetan, Reala atzean sartuta zegoenean, izan zuen gol aukera argia. PSVko atzelari batek huts egin, eta baloia eibartarrari eman zion, atezainaren aurrean bakarrik utzita; ordea, kapitainak ez zuen asmatu, eta atezainak jaurtiketa gelditu zuen.
1.000 zale txuri-urdin inguru egon ziren Phillips estadioan, eta hau izan zen giroa:
Puntu garrantzitsu batekin eta edozeinen aurka lehiatu dezakeela erakutsiz itzuli da Reala Donostiara. Honen ondoren, hau izango da Europa ligako multzoen fasean izango duen egutegia:
- 2. jardunaldia: Reala – Monako. Irailak 30 (18:45).
- 3. jardunaldia: Sturm Graz – Reala. Urriak 21 (21:00).
- 4. jardunaldia: Reala – Sturm Graz. Azaroak 4 (18:45).
- 5. jardunaldia: Monaco – Reala. Azaroak 25 (21:00).
- 6. jardunaldia: Reala – PSV Eindhoven. Abenduak 9 (18:45).