Zinemaldiko iazko edizioarekin alderatuta, euskararen erabilerak behera egin du
Aurten ere, Bagera Elkarteak Zinemaldiaren euskararen erabileraren neurketa egingo du eta aurrerapen gisa, proiektatuko diren filmen euskararen erabileraren datuak biltzen dituen neurketa kaleratu du.
Bagerak argitaratutako datuen arabera, 2020an 37 filmetan izan zuen euskarak presentzia. Aurten, berriz, 47 film izango dira. Euskarak presentzia izango duten film kopurua igo da, baina aurtengo Zinemaldian proiektatuko diren filmen kopurua ere handitu denez (iaz orotara, 131 film izan ziren eta aurten 171 film) aurtengo euskararen presentzia filmen portzentajeetan beherakada ekarriko du.
Film kopuruei dagokienez, 171 filmetatik 19 euskaraz ekoitzi dira (%11,11), 6 euskarara bikoiztuak (%3,51 haurren zinema) eta 22 film euskaraz azpidatzi dira (%12,86). Orotara %27,48 filmetan euskara erabili da. Emanaldiei dagokienez, 516 emanaldietatik 38 euskaraz ekoitzitakoak izan dira (%7,36), 35 euskaraz azpidatzitakoak (%6,78) eta 6 euskaraz bikoiztutakoak (%1,16 haurren zinema). Orotara %15,31.
Datu orokorrei dagokionez, iazko edizioarekin alderatuta euskararen erabilerak behera egin du %28,24etik %27,48ra igaro baita.
Bagera Elkarteal nabarmendu duenez, “Donostiako Zinemaldiak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren diru laguntza jasotzen du eta EAEn euskara hizkuntza ofiziala denez, Donostiako Udal Ordenantzek hala jasota, euskarak, gutxienez, gazteleraren trataera berdina izan beharko luke”. Datuek, ordea, ez dute hori adierazten eta gainera, erabilerak txikia izaten jarraitzen duela erakusten dute. “Horregatik, Bagera Elkarteak uste du instituzioek esfortzu berezia egin beharko luketela filmak euskaraz azpidatzi daitezen. Ikus-entzunezkoak ere badira hizkuntza normalizatzeko tresna baliagarria”.
Pantailak Euskaraz
Pantailak Euskaraz taldeak ere 2021eko Zinemaldian euskarak izango duen presentza nolakoa den aztertu du eta datuak “gordin bezain kezkagarriak” direla adierazi du. “Nekez uler daiteke hainbeste diru publikorekin ospatzen den ekitaldi honetan, bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, euskarak, eta beraz, euskaldunok, horrelako diskriminazioa jasatea”. “10/1982 Legeak (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa), bere hirugarren kapituluan (Euskararen erabilera hedabideetan) dio “Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino” besteak beste, zineman eta ikusentzunezko grabaziotan (25. artikulua). Lege honek 40 urte egingo ditu laster, eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ere ez dira betetzen. Pantailak Euskarazek hau ozen salatu nahi du”, nabarmendu dute.