Fiskaltzak artxibatu egin du LABek 'Hondalea'-ren lanen harira jarritako salaketa
Pasa den ekainean, Donostiako Udaleko langileen LABeko sail sindikalak salatu zuen “irregulartasunak” egon zirela Santa Klara irlako Hondalea esku hartze artistikoaren lanen adjudikazioan, eta Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa abiatu zuen uztailean. Orain, ordea, Fiskaltzak salaketa artxibatu du, ez baitu irregulartasunik aurkitu Hondalea-ren lanetan. Zera dio Fiskaltzaren ebazpenak: “Ezin da ondorioztatu Santa Klara uharteko itsasargiaren eraikineko obrak kontratatzeko prozeduran irregulartasunik egin denik”. Salaketa artxibatuta, ezin da helegiterik aurkeztu.
LABek salatu zuen LKS eta Fhecor enpresek lizitaziorik gabe eskuratu zituztela itsasargiko lanak, eta bi delitu posible identifikatu zituen: funtzioen abusua eta diru publikoaren erabilera okerra. Horrela, Gipuzkoako Fiskaltzaren eskuetan utzi zituen uharteko lanak gertutik jarraitu dituzten langileek helarazitako informazioak eta salaketak. Era berean, Fiskaltzak hala eskatuta, udalak lanen inguruan zuen dokumentazio guztia helarazi zion Fiskaltzari abuztuan.
Donostiako Udalak prentsa ohar batean jakinarazi duenez, “behin dokumentazio hori aztertuta, Fiskaltzak baieztatu du izapideak zuzenbidearen araberakoak izan direla eta ‘indarrean dagoen legeriara egokitu’ zirela fase guztietan; beraz, ‘ezin da zigor mota bakar batean ere sartu'”. Eneko Goia alkatea pozik agertu da albistearekin: “Egiaztatuta geratu da prozedura administratiboa legezkoa, zuzena eta zuzenbidearen araberakoa izan zela”. Era berean, LAB sindikatuaren jarrera salatu du: “Salaketa honen atzean, hiriaren ikur bihurtu den eta donostiarrek bere egin duten lan artistiko baten gainean susmo txarra hartzeko eta itzalpean jartzeko borondate argia egon da”.