Hiru Damatxok ekoiztu duen 'Zulora' eztabaida saioa hilaren 30ean estreinatuko dute
Zulora Ane Zuazubiskarrek aurkeztutako eztabaida saioa da. Pil-pilean dagoen gai bat hartu eta horren bueltan zeresana duten hiru gazte elkartuko ditu, haien kezkak eta bizipenak konpartitu ditzaten. Konfiantzazko giro bat sortu eta iri tzia emateko espazio erosoa izatea da saioaren erronka. Sarean zabalduko da, Gaztearen zein EiTBren bitartekoen bidez, eta Hiru Damatxok ekoitzi du. Lehen atala irailaren 30etik aurrera izango da ikusgai, eta bi asteko maiztasunez zabalduko dira atal berriak. Lehen denboraldia sei atalek osatuko dute.
Muina solasaldia izango bada ere, saioak hiru atal izango ditu:
- Zulotik at. Julen Portillo tiktoker eta umoregilea kalera aterako da, mikrofonoa eskuan, saioan jorratzen diren gaien inguruan kalean dauden iritziak jaso asmoz.
- Hesteetatik Larri. Animazio esketx laburra izango da, komunean dagoen pertsonaia baten burutazioak eta gertakariak jasoko dituena.
- Bota! Atal bakoitzean aditu batek mahainguruan lantzen ari den gaiaren inguruko bere ikuspuntua zein informazio berria plazaratuko ditu.
Zulora saioa sarerako dago egina; eta horrenbestez, sarean ahal bezainbeste bideetatik jasotzeko modua izango da. Atal bakoitzak 30 minutu inguruko iraupena izango badu ere, sekzioak zein hitzartze esanguratsuen bideo laburrak sare sozialetan zabalduko dira. Horrez gain, Podcast formatuan ere izango da entzuteko aukera, EITB Podcast bidez.