Kutsadura akustikoaren udal ordenantza "ez da tresna eraginkorra", Parte Zaharreko auzo elkartearen ustez
Donostiako Udalak ekainean abiatu zuen zaratek eta bibrazioek eragindako kutsadura akustikoa arautzeko udal ordenantza aldatzeko prozedura, Estatuko eta Euskadiko legedi berriak aintzat hartzeko helburuarekin. Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, ordea, ordenantza aztertu du, eta 45 alegazio aurkeztu dizkio ordenantzari, “hura hobetzeko asmoz”. Izan ere, Parte Zaharrean Biziren ustez, ordenantzaren aldaketa hori “ez da tresna erabilgarria eta eraginkorra Parte Zaharreko eta bertako biztanleen soinu ingurumena babesteko”. Era berean, gaineratu dute “udal ordenantza guztietan gertatzen den moduan”, honen hitzaurrean azaltzen diren “asmo honek” ez dutela “artikuluaren edukiaren bat egiten”.
Aurkeztutako alegazioen atzean askotariko arrazoiak daude, eta auzo elkartekoek nabarmendu dute ordenantzan agerian gelditzen dela ez dagoela “pertsonek ingurumen osasungarria izateko duten eskubidea bermatzeko ikuskapen plan espezifikorik, ezta prebentzio eta kontrol neurririk ere”. Era berean, gogoratu dute ordenantza berri bat garatzen denean, “aurrekoa hobetzeko” izan behar dela, baina, aldiz, ez dela hori gertatzen kutsadura akustikoa arautzeko ordenantzarekin: “Ez da horrela, horretan ere harritu egiten gaitu testuak, gaur egun indarrean dagoen ordenantzatik baliagarriak diren erreferentziak desagertu egin baitira”.
Bestalde, auzo elkartearen aburuz, Euskadiko eta Estatuko legedi berriak ezarritako tresna batzuk aintzat hartu beharko lituzke Donostiako udal ordenantzak: “Babes Akustiko Bereziko Eremu gisa deklaratutako eremuak izendatzea; kutsadura akustikoa murrizteko planak ezartzea eta soinu mugetatik beherako mailetara itzultzeko neurriak hartzea; ostalaritza jarduerek sortutako zaratak foku eragile gisa hartzea; eta abar. Harritu gaitu, halaber, azaletik egindako erreferentzia pare bat baino gehiago ez jasotzeak”.
Ildo horretatik, salatu dute udalak “inhibizioa” duela aisialdiaren eta beste emisio foku batzuen inguruan sortutako zarataren aurrean: “Hori ordenantzaren hitzaurrean islatzen da, 2015eko Gaueko Aisialdiko Zarataren Mapari buruz hitz egitean, honako hau planteatzen baitu: ‘Helburua jarrerak hurbiltzea eta irtenbideak bilatzea da, bai auzotarrentzat, bai enpresentzat, araudian ezarritako kalitate akustikoa lortzen saiatuz’. Udalak ahaztu egiten du bere eginbeharra ez dela auzokoen eta enpresen artean bitartekari gisa jardutea. Ez du bitartekari lanik egin behar, barruko eta kanpoko zarata mugak betearazi behar ditu”. Horregatik, besteak beste, hainbat artikulu aldatzeko proposatu dute alegazioetan: “‘Egin ahal izango da’ jasotzen denean, “egingo da” jartzea eskatu dugu; zerbait egiteko aukera hutsak, ia ziur, erakundeek ez dutela egingo esan nahi baitu”.