Langabeentzako doako euskara ikastaroetan izena emateko epea hilaren 24an bukatuko da
Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte 2021eko udazkenean. Ikastaro horietan izena emateko epea irailaren 24an itxiko da, eta oraindik parte hartzeko aukera badago, talde batzuetan plazak hutsik daude eta.
Ikastaroak urriaren 6an hasi eta abenduaren 3an bukatuko dira, eta asistentzia nahitaezkoa izango da. Doako ikastaro hauetan 18 urtetik gorako langabe donostiarrek eman ahalko dute izena. Matrikulatzeko epea irailaren 24ra arte egongo da zabalik, eta Donostiako edozein euskaltegi homologatutan eman daiteke izena, baita Interneten ere udalaren webgunean. Nahikoa da langabezia egoeran egotea izena emateko. Ikastaro hauek 120 ikastordu izango dituzte eta egunero hiru ordu emango dira; astelehenetik ostiralera, 10:30etik 3:45era (ordu laurdeneko atsedenarekin).
Ikastaro hauen helburua da, batetik, euskalduntzea indartzea, eta, bestetik, gizartean egoera okerrenean daudenei euskara ikasteko aukera erraztea. Iaz guztira 100 lagunek parte hartu zuten ikastaro hauetan eta ikasleen balorazioa positiboa izan da.