Loiolako Erriberako ez-jaiak izan dira asteburuan
Asteburu honetan Loiolako Erriberako ez-jaiak egin dituzte, eta kultur egitarau zabala eskaini du auzoko jai batzordeak. Larunbat goizean, Donostiako Udal Txistulari Bandak diana egin zuen auzoan zehar eta Nicolas Chevaliek “Bentrilokia-Magia” ikuskizuna eskaini zuen Maria Zambrano plazan. Livingstone tabernan Mus txapelketa egin zuten arratsaldean eta iluntzean Liverpull musika bandak kontzertua eskaini zuen bertan. Kirolerako tartea ere hartu zuten auzotarrek eta 19:00etan, zumba tailerra izan zuten Maria Zambrano plazan.
Igandean, ordea, bi ekitaldi izan ziren. Goizean, PatinEskolak gurpil gaineko irristaketa antolatu zuen Bartzelona hiribidean eta arratsaldean, Los Tenampas mariatxiek Maria Zambrano plaza girotu zuten egitarauari amaiera emanez. Ekitaldiak arrakasta izan dute auzotarren artean eta jende ugari hurbildu zen parte hartzera, bereziki gaztetxoenak zumba tailerrean, magia ikuskizunean eta PatinEskolak antolatutako jardueran protagonista izan ziren.