Anoetako belodromoan egingo dute Donostia Festibala
Pandemiaren ondorioz urtebeteko etenaldia egin ostean, Donostia Festibala bueltan da, baina Lasarteko hipodromoan egin beharrean, Anoetako belodromoan egingo dute. Last Tour enpresa sustatzaileak jakinarazi duenez, “egungo pandemia egoerara hobeto egokitzeko” eta “mugikortasuna errazteko” hartu dute jaialdia lekualdatzeko erabakia, eta azaldu dute aurretik sarrera erosita zutenek aldaketen berri emateko posta elektroniko bat jasoko dutela. Ostiralean, hilaren 24an, egingo dute jaialdia, 17:30etik aurrera.
Aurtengoa hamargarren Donostia Festibala izango da, eta, azken urteotan egin duten moduan, rap eta trap doinuak izango dira nagusi. Hain zuzen, Kase.O rap abeslaria eta Los Chikos del Maiz taldea dira karteleleko buruak. Kase.Ok Jazz Magnetism diskoa argitaratu zuenetik hamar urte bete dira, eta rap abeslari aragoitarra bere ibilbidean horren garrantzitsua izan zen proiektua errepasatzeko bira egiten ari da; geldialdia egingo du Donostian. Bestalde, Los Chikos del Maiz euren rap politikoarekin itzuliko dira Donostiara.
Horiez gain, Lagrimas de Sangre talde ezaguna eta Simona abeslari argentinarra ere jaialdiko oholtzara igoko dira. Artista gazteentzako lekua ere egongo da, Katapulta Tour Gipuzkoa egitasmoko J.Largo eta Aigory abeslariek ere kontzertuak eskainiko baitituzte. Aigory, gainera, donostiarra da, aurretik S.N.K.T. taldeak ibilitakoa.