Bagera elkarteak eta Donostiako euskaltegiek elkarlanean sustatuko dute Mintzalaguna egitasmoa
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak, Hizkuntza Eskola Ofizialak eta Donostiako euskaltegiek –Donostiako AEK, Hitzez, Ilazki, Legazpi 6, Urrats eta Urumea-Altza– lankidetza hitzarmena sinatu dute asteazken goizean, aurtengo Mintzalaguna egitasmoa elkarlanean sustatzeko. Bagerak azaldu duenez, elkartearen beraren jarduna eta aipatu hezkuntza zentroena “osagarriak” dira, “euskalduntze prozesua hasi eta arrakastaz bukatu nahi duen orori euskara bere bizitzan txertatzeko aukerak eskaintzeko orduan”.
Euskara hiztunen egunerokoan txertatzearen garrantzia nabarmendu dute hitzarmenaren sinatzaileek: “Donostian euskararen ezagutza, batez beste, %40ra iristen da, eta erabilera, berriz, %16ra. Argi dago euskara normalizatuko bada, euskara ez dakien populazioaren zati handi horrek ikastea ezinbesteko pausoa dela, eta ez hori bakarrik; izan ere euskara ikasle horiek euskal komunitatean txertatu egin behar dira. Hau da, ez da nahikoa euskararen ikasketa prozesua ziurtatzea, ikasleak bertako euskaldunon komunitatean integratu egin behar dira”. Ildo horretatik, Mintzalaguna egitasmoa herritarren euskalduntzerako tresna baliagarria dela deritzote sinatzaileek. Horregatik, pasa den ikasturtean COVID-19aren aurkako neurrien eraginez Mintzalaguna egitasmoan parte hartzerik izan ez zuten pertsonak “berreskuratzen joatea” dute helburu.