(H)emen elkarteak gaur ez du Zinemaldia txalotuko
Gaur goizean Johnny Depp aktore ezaguna Donostiara iritsi da eta iluntzean Zinemaldiko Donostia Saria jasoko du. Emakume Zinemagileen elkarteek eta alderdi politikoek jaialdiaren hautua salatu zuten, Deppek emazte ohiari tratu txarrak egin izanaren salaketak jaso dituelako. Hori dela eta, (H)emen elkarteak Zinemaldiarekin batera kode etikoaz eztabaidatzeko lan jardunaldia egin zuten.
Deppek saria jasoko duen egun honetan, (H)emen Euskadiko Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkarteak eta Estatu espainiarreko sei zinemagile-elkarte feministek twitteren hari baten bidez adierazi dute gaur ez dutela Donostia Zinemaldia txalotuko.
Ohorezko sari bat erabakitzeko orduan kontuan hartzen diren faktoreak askotarikoak direla adierazi dute: “Jaialdi bakoitzak bere irizpideak ditu, baina ez dira inolaz ere artistikoetara mugatzen“. Ospeagatik, gizartearekiko inplikazioagatik edota jaialdiarekiko kidetasunagatik ere hautatuak izaten dira.
Elkarteen iritiz, faktore horien artean “jaialdi bakoitzaren erabakia da genero-ikuspegia eta aniztasuna sartzea edo ez sartzea”. A mailako nazioarteko jaialdi batean horrelako sari bat emateak komunikabideetan eta imajinario kolektboan duen oihartzuna nabarmendu dute. Hausnarketarako ondorengo galderak planteatu dituzte: “Zer mezu ematen da indarkeria matxistagatik salatutako gizonak txalotuak direnean, alfonbra gorrietan argazkiak ateratzen dituztenean, zalez inguratuta agertzen direnean? Nola islatzen da irudi hori indarkeria matxistaren esparru kontzeptualean?”.
“Indarkeria matxistagatik prozesatua edo epaitua den norbait ohorezko sarien zerrendetatik kanpo uzteak ez du esan nahi haren balio artistikoa aitortzen ez denik”. Haien iritziz erantzukizun kontua da. Horregatik, gaur txalorik egingo ez dutela adierazi dute: “Indarkeria matxista salatu nahi eta ausartzen ez diren emakumeengatik, salatu ondoren sinetsiak ez direnengatik, sufritzen eta borrokatzen dutenengatik, beren indar eta minagatik, erail zituztenengatik, guztienganako errespetuagatik, gaur,guk ez dugu txalotzen”.