"Oso pozgarria da niretzat eta apaltasun handiz jasoko dut saria"
Donostia Saria jasoko du gaur iluntzean Johnny Depp aktoreak.
Gaur iluntzean Donostia Saria jasoko du Johnny Depp aktoreak Zinemaldian. Arratsaldean prentsaurrekoa eman du Kursaal jauregian eta bere ibilbidearen, sariaren eta jaialdiaren inguruko hainbat galdera erantzun ditu.
Aktorearentzat “hunkigarria” eta “ohore handia” da Donostia Saria jasotzea. Zinemaldia asko gustuko duela esan du eta bai hiriak, Zinemaldiak eta alkateak berak babestu dutela sentitzen du, beti egin izan dutela baitio. Era berean, Zinemaldiari “errespetu handia” diola nabarmendu du, “egiazko zinemaldia” delako: “ez da itxurakerietan oinarritzen”. “Oso pozgarria da niretzat eta apaltasun handiz jasoko dut saria”, esan du aktoreak.
Zinemaldiak kritika ugari jaso ditu Johnny Depp hautatu izanagatik, emazte ohiari tratu txarrak egin izanaren salaketak jaso dituelako. Prentsaurrekora bertaratu diren hainbat kazetarik kritiken inguruan galdetu diote eta Zinemaldiko antolatzaileek haren ibilbidearen inguruko galderak soilik egin ahal zirela azpimarratu dute. Ondorioz, aktoreak ez du gaiaren inguruko erantzunik eman. Hala ere, saria jasotzen duenean Donostiako zinemaldia eta Donostiako hiria gogoan izango dituela adierazi du, haren inguruan “denbora luzez” esan direnak ez sinistu izanagatik. Horrez gain, azken urteetan bere inguruan esan direnak “existitzen ez diren nozioak” izan direla esan du.”Nik pentsatuko banu hemen egoteak norbait iraunduko lukeela, kezkatuta egongo nintzateke ez dudalako inor iraundu nahi. Nik filmak egiten ditut besterik ez”.
Bestetik, gaur goizean, (H)emen elkarteak eta Estatu espainiarreko sei zinemagile-elkarte feministek jaialdiaren hautuaren inguruko adierazpenak egin dituzte sare sozialetan.“Indarkeria matxistagatik prozesatua edo epaitua den norbait ohorezko sarien zerrendetatik kanpo uzteak ez du esan nahi haren balio artistikoa aitortzen ez denik”. Haien iritziz, “erantzukizun kontua” da. Horregatik, gaur txalorik egingo ez dutela adierazi dute: “Indarkeria matxista salatu nahi eta ausartzen ez diren emakumeengatik, salatu ondoren sinetsiak ez direnengatik, sufritzen eta borrokatzen dutenengatik, beren indar eta minagatik, erail zituztenengatik, guztienganako errespetuagatik, gaur,guk ez dugu txalotzen”.