Altzako hilerriko sarbidea Santu Guztien egunerako berrituko dute
Altzako hilerriko sarbidea berritzeko lanak hasi ditu Donostiako Udalak, eta Santu Guztien egunerako, azaroaren 1erako, prest egotea aurreikusten dute, egun horretan jende andana joaten baita hilerrietara. 63.570 euroko aurrekontua dute lanek.
Gaur egun, aldapa batean dago hilerriko sarbidea, eta zaharra da; hori konpontzeko egingo duten esku hartzearen nondik norakoak azaldu ditu Miguel Angel Diez Hiri Mantenimenduko zinegotziak: “Gaur egun hilerriko sarreran dauden oztopo arkitektonikoak minimizatu nahi dira, aldapan baitago eta espaloi estuak baititu, pertsonen mugikortasuna oztopatzen dutenak. Sarrera irisgarriagoa egingo dugu, eta, horretarako, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako gune bat sortuko dugu, aparkatzeko eremu bat izango duena”. Eskailera ere berrituko dute, gaur egun indarrean dagoen araudira egokitzeko.