Donostiak Euskadiko Klima eta Energiaren Astean parte hartuko du
Irailaren 24tik urriaren 3ra Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen bigarren edizioa egingo da eta Cristina Enea Fundazioak parte hartuko du herritarrei zuzendutako hainbat jarduera antolatuz. Ekimen honen helburua herritarrak ezinbesteko trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz kontzientziatu eta mobilizatzea da.
2019. urtean izan zen lehen edizioa eta aurtengorako, hainbat jarduera antolatu dira Euskal Autonomia Erkidegoko leku ezberdinetan. Donostian, Cristina Enea Fundazioak egitarau zabala eskainiko du larunbatetik aurrera.
Larunbatean, iraialren 25ean, ‘Klima-aldaketa: joko beroa” tailerra eskainiko da 17:30ean Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Familientzako tailer didaktikoa izango da eta klima-aldaketak planetako hainbat lekutan bizi diren pertsonengan izango duen, eta izaten ari den, eragina atzertutko dute. Parte hartzeko fundazioaren webgunean izena eman beharra dago.
Irailaren 16an 10:00etan Añarbeko urtegira bisita gidatua izango da. Bisita honetan Gipuzkoako biztanleriaren % 44 urez hornitzen duen Añarbeko urtegiaren azpiegiturak eta bertan egiten diren maniobrak ezagutu ahalko dira. Añarbeko Urak-ekin lankidetzan antolatutako jarduera da eta izena eman beharra dago webgunean.
Urriaren 2an, 10:00etan Loiolako araztegira bisita gidatua izango da eta itsasora isuri aurretik etxeko eta industriako hondakin-urei eta euri-urei egiten zaizkien saneamendu-tratamenduak ezagutzeko aukera izango da. 11:00etan, Ulia Interpretazio Zentroan ‘Hegaztiak nondik nora’ tailerra egingo da eta arratsaldean, 17:00etan ‘O menimo e o mundo’ filmaren emaldia eskainiko da Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean.