Gipuzkoako zahar etxeetako langileek lan hitzarmen duina eskatu dute
LAB, ELA eta Gipuzkoako Senideak elkarteak mobilizazioa egin dute Saguestik Gipuzkoa Plazaraino Gipuzkoako zahar etxeetako egoera salatu eta Foru Aldundiari lan hitzarmen duin bat eskatzeko. Gaur eta bihar greba egingo dute zahar etxeetako langileek eta bihar, 10:00etan kotxekarabana egingo dute Domus VI Berra zahar etxetik eta 11:30ean elkarretaratzea egingo dute Txara II egoitzatik.
Manifestazioa abiatu baino lehen adierazpen egin dituzte. ELAko kide den Janire Diazek adierazi duenez “Gipuzkoako zahar etxeetako langileen egoera kritikoa salatzeko eta Foru Aldundiari erantzunak eskatzeko” atera dira gaur kalera. Duela 3 urte hasi ziren grebak egiten eta oraindik ere arazoak konpondu gabe jarraitzen duela nabarmendu dute: “Zahar etxeetako egoera kritikoa eta larria da. Langileak oso egoera emozional kaltegarrian jarraitzen dute, haien osasuna jokoan jartzen ari dira eta egoilarrak ere egoera txarrean daude”. Bestalde, gaur zahar etxeetako zerbitzu minimoak %100ean daudela adierazi dute: “beste egunetan baino pertsonal gehiago egotea ezin da onartu”. “Beste behin, Markel Olanori eta Maite Peñari arazo honi behingoz konponbidea emateko eskatzen diegu”.
Leire Ormazabal LABeko ordezkariak zahar egoitzetako langileak “nazkatuta” daudela adierazi du: “Zahar etxeetako langileek ezin dute egora hau gehiago jasan”. ELAko kideak bezala, zerbitzu minimoak %100ean izan direla nabarmen du: “Gaur ez gaude kalean egon beharko ginatekeen guztiak. Haien greba egiteko eskubidea behin eta berriz urratzen da eta pandemia aitzaki gisa erabiltzen ari dira langileak haien hitzarmenaren alde borroka egin ez dezaten”. Horrez gain, zerbitzu minimoak urte osoan zehar daudela gogorarazi du. “Normaltasun egoera batera goazela diote, baina normaltasuna ez da iritsiko zahar etxeetako langileak hitzarmenaren alde borrokatzen kalean egon arte, eta Gipuzkoan dugun arazo estruktural hau konpondu gabe”, gaineratu du.
Gipuzkoako Senideak elkarteko kideak ere manifestaziora batu dira: “Senideak denbora daramagu mugimendu hauetan ahal degun guztia egiten. Izan ere, diputazioaren aldetik gure eskubide asko ez dira kontuan hartzen. Ez digute elkarte bezela bileretan egoten uzten eta legea urratzen ari dira. Hau guztiz moztu beharra dago, ez dago eskubiderik. Honi beste norabide bat eman behar zaio eta gu horretan arituko gara”.