Ikatz kaleko tabernak itxi dituzte, pairatzen ari diren egoera salatzeko
Parte Zaharreko Ikatz kalean jende pilaketa handiak eta hainbat istilu izan dira udatik hona, eta Ikatz kaleko tabernariak egoerarekin “aspertuta” daude. Horregatik, protesta moduan eta udalari neurriak hartu ditzala eskatzeko, Ikatzeko tabernak itxi egin dituzte gaur, hilaren 23an, 20:00etatik aurrera. Belea, Kai, Aurresku, Belfast, Ilargi, Urka-Mendi, Urraki eta Herria establezimenduek hartu dute parte protestan.
Ikatzeko tabernariek agerraldi publikoa egin zuten asteartean, bizitzen ari diren egoera salatzeko: “Denbora daramagu gure gustukoa ez den egoera bat pairatzen, eta horrek hainbat arazo dakarzkigu, bai guri tabernariei, bai auzokoei. […] Duela hilabete batzuetatik hona, gazte taldeak hiriko hainbat lekutan biltzen ikusi ditugu, parranda egiteko asmoz. Pilaketa horiek arazoak sortu dituzten heinean, agintariek pilaketa horiek saihesten joan dira, pertsona horiek Parte Zaharrera lekualdatzea eraginez”. Horrela, “hainbat gazte talderen” jarrera salatu zuten, eta gauza bera egin dute gaur: “Ez dira konformatzen modu normal batean ondo pasatzearekin: kaleko beste pertsona batzuekin, tabernariekin eta auzokideekin jarrera bortitzak izaten dituzte, eta tabernak itxi ondoren bozgorailuekin parranda jarraitzen dute kalean”, adierazi zuten asteartean.
Era berean, gazteek aisialdirako espazioak behar dituztela nabarmendu zuten astearteko agerraldian: “Gazteek aisialdiko uneak izateko moduko espazioak prestatu beharko lirateke, gaueko lokalen irekiera barne, non, zalantzarik gabe, kalean baino hobeto beteko liratekeen osasun-arauak”. Ildo horretatik, “zerbait” egiteko eskatu diote udalari. Eneko Goia alkatea ere “egoerarekin kezkatuta” agertu da aste honetan, eta tabernarien jarrera eskertu du: “Egoera honi aurre egiteko beraien laguntza izatea [Ikatzeko ostalariena] ona izango dela. Ea guztion artean lortzen dugun, bakoitzak bere lekutik eta bere arduratik, egoera honi erantzun bat ematea”.