Sexu esplotazioa eta emakumeen eta haurren salerosketa salatu dute Donostian
Euskal Herriko Feminista Abolizionisten Koordinakundeak deituta, Hegoaldeko gainontzeko hiriburuetan, Astigarragan eta Durangon egin duten moduan, elkarretaratzea egin dute gaur, hilaren 23an, Donostiako Gipuzkoa plazan, sexu esplotazioa eta emakumeen eta haurren salerosketaren aurka. Emakumeen eta haurren sexu esplotazioaren eta salerosketaren aurkako nazioarteko eguna da gaurkoa, eta, hain zuzen, horren harira mobilizatu dira feminista abolizionistak.
Antolatzaileek zera nabarmendu dute: “Prostituziorik gabe ez dago salerosketarik”. Era berean, salerosketa eta sexu esplotazioa gizartean oso presente daudela salatu dute direla salatu dute: “Salerosketa eta sexu esplotazioaren arazo larria gure kaleetan dago eta inguratzen gaitu”, Azken urteotan Euskal Herrian horren inguruko hainbat polizia operazio izan direla gogorarazi dute, baita uda honetan bertan sexu esplotaziorako sare bat desegin dutela Donostian. Horregatik, abolizioa “beharrezkoa” dela aldarrikatu dute: “Emakumeak ez daude salgai, zapalkuntza, salerosketa eta esplotazioa abolitu beharra dago, benetako berdintasuna eta bortxakeriarik gabeko bizitza duina lortu nahi baditugu”.
Sexu esplotazioa eta emakumeen eta haurren salerosketa mundu osoari eragiten dion arazo bat dela nabarmendu dute: “Ikaragarrizko etekinak ematen dituen negozioa da, armen eta drogen salerosketaren ostean. Prostituzioan ez dago askatasunik ezta berdintasunezko hartu-emanik ere. Sistema patriarkalaren adierazle argiena da: andrazkoak gizonen mende daude, gizonen nahiak eta desirak asetzeko jostailu sexualak baino ez dira, diruz erosi daitezkeenak”. Era berean, “merkatu horretako eragileek pornografia, prostituzioa eta sare sozialak (Onlyfans izenekoa, esaterako) sustatzen dituzte prostituzioaren kultura gizarteratzeko, herrialde txiroen ekonomiaren pizgarri izan dadin”.
Prostituzioa legeztatzearen aurka agertu dira, izan ere, salatu dutenez, hori egin duten herrialdeetan “sexu esplotaziorako salerosketa areagotu da, gizonen eskaera handitu egin baita”. Alemania jarri dute eredu gisa: “Prostituzio etxe asko ditu eguneko 24 orduetan emakumeak prostituitzen dituztenak”. Era berean, abolizionismoa “eredu erreala” dela aldarrikatu dute: “Eredu abolizionista duten herrialdeetan andre eta neskatoen bizi-baldintzak nabarmen hobetu dira, eta prostituitzaileen eskaria eta andrazkoen salerosketa, berriz, gutxitu. Suediako herritarren %80k uste dute prostituzioa andreenganako bortxakeria dela eta desagertu behar dela”.
Horregatik, honakoa eskatu diete Espainiako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Gobernuei: “Andre eta neskatoen esplotazio sexuala elikatzen duen kultura salatu eta eraldatzeko, eta herrialde txiroetako 500.000 andre baino gehiago merkaturatu, zapaldu eta objektu gisa erabiltzea arbuiatu eta gogoeta sozial eta politikoa bultzatu dezaten”. “Prostituzio sistema desegiteko, lege abolizionista behar dugu orain”, gehitu dute.