Zutik dirauen trinketik zaharrena
Ipar Euskal Herrian ugariagoak badira ere, Hego Euskal Herrian ere trinket historikoak daude. Gros auzokoa Hego Euskal Herriko trinketik zaharrena da, 1884an eraiki zen eta 2006an Kultura ondasun izendatu zuten.

Trinketak «Jeux de paume» frantziarren oinordekoak diren espazio estaliak dira. XIX. mendearen erdialdera arte, tenisaren antzeko modalitate bat garatzen zen bertan, eta aurkariak elkarren aurka jartzen ziren, erdiko soka-sare baten inguruan. Trinketa lau paretako pilotaleku itxia da, kontrakantxarik gabea, jokorako baliagarriak diren lau paretaz mugatua: frontisa, atzeko edo errebo teko pareta, ezker-pareta eta eskuinekoa.
Trinketan hainbat joko modalitate daude. Jatorrizkoa esku huskakoa (banaka edo binaka) da, baina hala ere, Argentinan xarez eta paletaz jokatzeari ekin zioten, eta egun nazioarteko lehiaketa modalitate onartuak dira. Bestalde, Trinketan jokatzen den modalitate bitxiena pasaka da: aurrez aurre jarrita eta erdian sare bat dutela, pilotariak eskularruz aritzen dira. Ipar Euskal Herrian ugariagoak badira ere, Hego Euskal Herrian ere badira trinket historikoak.
Eraikin berezia
Groseko Kale Berriko trinketa eraikin konplexu batean dago. Izan ere, saltokiak etxebizitzak eta jokalekua bera hartzen ditu bere baitan. Saltokiek behe solairua hartzen dute osorik eta horien gainean hiru etxebizitza solairu daude. Hauen barnean, berriz, erabat ezkutaturik trinketa bera dago. Jokalekua lehen solairuaren parean geratzen da, saltokien gainean.
Kale Berritik sartzen da bertara, eta badirudi bere garaian ez zirela eraikinaren zati ezberdinak ondo bereizten. Esaterako, bizilagunen eskaileretatik pasa behar zen ikusleen gunera iristeko eta Kale Berriko 16. zenbakiko eskaileretan, jolaslekuko hiru mailekin lotzen duen ate bana dago gaur egun.
Eraiki zenetik gaur egunera arte aldaketa ugari izan ditu trinketak, baita erabilera ezberdinak ere. 1897an esaterako, zaharberritze garrantzitsua izan zen, eta lanen ondoren, Tacolo eta Mardurak Lizarraga eta Eliseguiren aurkako partida batekin inauguratu zuten. 1997ko azaroaren 14ean izan zen partida eta denek jokatu zuten eskularruz, Eliseguik izan ezik, saskia erabili baitzuen.
Oharkabean igaro den leku hau jolas txokoa izan zen, eta hainbat hamarkadatan mekanikarien lantokia. XX. mendeko lehen hamakardan ibilgailuak konpontzeko tailer moduan erabili zen eta tailerreko jabeek beste solairu bat gehitu zioten autoak kaleko solairutik goiko solairuetara altxatzeko. Ondorioz, jatorrizko kantxak ez du bere forma mantentzen eta gaur egun hori aldatzea ezinezkoa da balio arkitektonikoa dela eta. Gaur egun beraz, ezin da trinketa kirolerako erabili.
Groseko Trinketa Jatetxea
Hamarkada luzez autoz beteriko lokala izan arren, azken hamarkadetan jatetxe moduan erabili izan da. Gaur egun, ordea, itxita dago eta ez du erabilpenik. Jatetxe bat baino gehiago jartzen saiatu dira bertan, baina bat berak ere ez du lortu arrakasta izan eta irautea. 1990eko hamarkadaren amaieran jatetxe bat ireki zen, baina 2000. urtean itxi eta 2017ra arte hutsik izan zen. 2017ko ekainean beste jatetxe bat ireki zuten, eta hilabete beranduago, jatetxearen jarduera erabat geldiaraztea erabaki zuen Hirigintzako ordezkariak. Izan ere, araudiak horrelako establezimenduetarako eskatzen dituen bi larrialdi irteeratako bat falta zitzaion. Suhiltzaileek lokalaren segurtasun neurriak aztertu zituzten eta bizilagunek frontoiko irteeratako bat itxi zutela ikusi zuten, haien komunitateko espazioaren parte zelako.
Groseko Trinketa Jatetxea jarri zioten izena eta bi jantoki jarri zituzten, bata beheko solairuan eta bestea goikoan. Bakoitzean janari mota ezberdina eskaintzen zuten. Tailerreko jabeek egindako solairua, ordea, beheko eta goiko jantokia lotzen zituen eskailerak egiteko erabili zuten. Trinketak 9 metro ditu zabalean, 72 metro luzeran eta 12 garaieran. Gaur egun ikusleentzako balkoiak dituzten bi solairuak mantentzen dira.
Groseko espaziorik harrigarrienetako eta ezezagunenetako bat da, 2006an kultura ondasun izendatu zuten, balio arkitektoniko oso handia baitu.Hala ere, itxita mantentzen da oraingoz, ez baita inor beste jatetxe bat irekitzera ausartu. Ondorioz, Kale Berritik igarotzen diren hiritar gehienek ez daki Euskal Herriko trinketa zaharrenetako baten ondotik igarotzen ari dela.