Minbizia ikertzearen garrantziaren inguruan sentsibilizatzen ari dira
Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Eguna da gaurkoa, irailaren 24a, eta, horregatik, minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteak (AECC) karpa informatibo bat jarri du Loiola kalean goizean. “Elkartearen funtzionamenduaren berri ematen ari gara jendeari. Gure funtzionatzeko modua honakoa da: hainbat modutan dirua biltzea, ondoren minbiziaren inguruko hainbat ikerketa sustatzeko. 2020an, esaterako, 78.000 euroko beka bat eman diogu ikertzaile bati”, azaldu du Inmaculada Arruti boluntarioak.
Elkarteak inbertsio handiak egiten ditu minbiziaren ikerketaren alde: 2016tik 2020ra, hain zuzen, Gipuzkoako AECCk 3,3 milioi euro bideratu zituen minbiziaren hainbat ikerketetara. Diru hori elkarteko bazkideen bidez eta egiten dituzten sentsibilizazio kanpainetan jasotzen dituzten donazioen bidez lortzen dute.
Gaur ere sentsibilizazio kanpaina bat egin dute Donostian, baina soilik jendeari informazioa helarazteko: “Jendea sentsibilizatu nahian gabiltza. Batez ere, elkartea ezagutzen ez duen jendea, baina baita elkarteko bazkide den jendea ere. Izan ere, etorri zaizkigu bazkide diren pertsona batzuk, ‘bazkide naiz, baina ez nago batere informatuta’, esanez”, azaldu du Arrutik.
50. urteurrena
AECCk 50 urte bete ditu aurten, eta, hain zuzen, euren lana ezagutzera emateko hainbat jarduera egiten ari dira, gaurko karpa informatiboa, esaterako. Horrez gain, minbiziaren prebentzioaren inguruan ere jende sentsibilizatu nahian dabiltza, eta ibilaldi osasuntsuak egiten ari dira astelehenero Donostian, bizitza osasuntsu bat eramatea garrantzitsua baita minbiziaren prebentzioari dagokionez. Elkartearen webgunean dago ibilaldiei buruzko informazio guztia, baita izena emateko aukera ere.