Añorga Txikiko bizilagunek auzo bizigarri bat nahi dute
Manifestazio jendetsua egin dute. Auzoan egingo duten hirigintza proiektuaren aurka agertu dira, eta euren iritzia kontuan hartzeko eskatu dute.
Añorga Txikin 248 etxebizitza eraikitzeko plan berezia onartu du Donostiako Udalak. Auzoko elkarteen iritziz, eremua birsortzea beharrezkoa da, baina azpimarratu dute etxebizitzak egin aurretik garrantzitsuagoa dela azpiegitura publikoak eraikitzea. Izan ere, bizilagunek salatu dute ez dutela zerbitzu publikorik. Kezkatuta daude udalak sustatu nahi duen hirigintza proiektuak ekar ditzakeen ondorioen inguruan, eta proiektu honen aurrean, auzoko hainbat elkartek bat egin dute udalari proiektua alda dezan eskatzeko.
Eta proiektua aldatu arte mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute gaur ehunka bizilagunek. 400 lagun baino gehiago atera dira kalera ‘Auzo biziaren alde’ lelopean. Auzotarrei hitza emateko eskatu dute, auzoa berritzeko prozesuaren parte izan nahi baitute.
Añorga Txikiko Firestone-Iframe lantoki berreskuratuan bukatu dute manifestazioa. Hain zuzen, gune hau eraitsi egingo dute laster. Etxebizitzak egiteko eraitsiko dute. Bertso bat kantatu dute elkarrekin, eta kantuz adierazi dituzte euren kezkak: “Masifikazio eta arriskuak, auto ilarak, kolapsoak. Auzo bizitza non dago?”. Esan dute proiektua auzotarrekin batera landu ezean udalak parean izango dituela bizilagunak.
Joan den ekainean auzo elkarteak alegazio sorta bat aurkeztu zuen, agerian utziz hirigintza proiektu horrekiko duten desadostasuna. Oraindik ez dute udalaren erantzunik jaso, eta ez dakite noiz hasiko diren etxebizitzak egiten.
Protestaren bukaeran irakurri duten manifestuan esan dute bizilagunak batuta, lortuko dutela euren ahotsa entzutea. Bizilagunak animatu dituzte Atxiki Añorga taldeak egingo dituen bileretara joatera, pertsona guztien ekarpenak behar dituztelako. Manifestazioaren bidez bizilagunen kontzientzia piztu nahi izan dute eragileek: “Oraindik jende askok ez daki nola eragingo digun etxebizitzak egiteko proiektuak. Askok uste dute ingurua berrituko dela eta jende berria etorriko dela. Guk ere hori nahi dugu, noski, baina ez tamaina honetan. Gaur egun hiriak birpentsatzen ari dira; Altzan gertatu zena saihestu nahi da. Eta Añorgan? Ezer egin baino lehen egungo egoera ondo aztertzea nahi dugu”, azaldu du Silvia Oses auzo elkarteko kideak.