Añorga Txikiko hirigintza proiektuarekiko sortutako erreakzio batzuek "harridura" sortu diote alkateari
Donostiako Udala Añorga Txikin garatzekoa den hirigintza proiektuaren aurrean —248 etxebizitza eraikitzeko proiektua duela hilabete batzuk onartu zuen udalak—, larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten bizilagunek Añorga Txikin, auzoko hainbat elkarteren ustez, eremua birsortzea beharrezkoa baita, baina azpiegitura publikoak eraiki behar dira etxebizitzak eraiki baino lehen. Hain zuzen, gaur eman dute hirigintza proiektua garatzen hasteko lehenengo pausoa, goizean Firestone lantegia hustu eta eraisten hasi baitira. Bizilagunak kezkatuta daude udalak sustatu nahi duen hirigintza proiektuak ekar ditzakeen ondorioen inguruan, eta auzoko hainbat elkartek bat egin dute udalari proiektua alda dezan eskatzeko. Joan den ekainean auzo elkarteak alegazio sorta bat aurkeztu zuen udalean, baina larunbatean salatu zutenez, oraindik ez dute erantzunik jaso.
Eneko Goia alkatearen arabera, aldiz, udalak bizilagunen kexak entzun ditu: “Gauza bat da Añorgako bizilagun batzuek euren desadostasuna adierazi izana Añorga Txikin garatzera goazen hirigintza proiektuarekin, eta beste gauza bat da udalak bizilagun horiek entzun ez izana; hori ez da zuzena. Hainbat modutan izan dugu harremana bizilagunekin, eta ni neu ere Añorgan izan naiz. Bilera bidez zein alegazio bidez, euren iritzia jasotzeko aukera izan dugu, eta euren iritzi batzuk kontuan izan ditugu erabaki jakin batzuk hartzeko. Ez dela %100ean beraien gustukoa izan? Bada, segur aski ez, baina horrelako gauzak nahiko arruntak dira”. Era berean, gogora ekarri du Añorga Txikiko hirigintza proiektua ez dela berria: “2010eko Plan Orokorrean aurreikusten zen proiektu bat da; hau da, ez dago berritasun handirik, duela hamaika urte aurreikusita baitzegoen”.
“Harridura sorrarazten didaten gauza batzuk ere entzun ditut”, gaineratu du alkateak, eta zera azaldu du: “Etxebizitza beharra horren handia omen den hiri honetan, garapen zehatz bat egitera zoazen bakoitzean horrelako erantzunak sortzen baldin badira, zaila da lan egitea. Gainera, ez da lehenengo aldia: Eusko Jaurlaritzak Loiolako Erriberan gazteentzako etxebizitzak egin nahi zituela iragarri zuenean ere, ‘nire etxe ondoan ez egin’ erreakzioa sortu zen. Guri hiriaren ikuspegi orokorra izatea eta interes orokorra defendatzen saiatzea dagokigu, eta ahalik eta modurik txukunenean egiten dugu. Saiatzen gara egon daitezkeen gainontzeko ikuspegiak errespetatzen, baina planeamenduak aurreikusten dituen ezarpenak betetzea dagokigu, izan Añorga Txikin, izan Loiolako Erriberan edo izan Infernuan, berdin zait. Besteak beste, hiriko etxebizitza eskaerari aurre egiteko”.