San Sebastian egunaren inguruko erabakia "beranduenez datorren astean" hartuko du udalak
Donostiako Udalak joan den astean iragarri zuen Eneko Goia alkatea, Jon Insausti Kultura zinegotzia eta Donostia Festakeko lantaldea aste honetan hasiko zirela hainbat haurren eta helduen danborrada batzordetako kiderekin bilerak egiten, San Sebastian eguna antolatzeko edo ez antolatzeko erabakia hartzeko orduan, euren iritzia aintzat hartzeko. Horrela, gaurko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan gai horri buruz galdetu diote alkateari, eta adierazi du “beranduenez datorren astean, edo agian aste honen bukaerarako” hartuko dutela erabakia.
“Aste honetan, harremanetan izango gara helduen eta haurren danborradetako antolatzaileekin, euren iritziak ezagutu ondoren, erabaki bat hartu ahal izateko. Azken finean, beraiek dira San Sebastian eguneko protagonistak, eta beraien iritzia jakin nahi dugu horregatik”, azaldu du Goiak, eta gaineratu du zaila dela behin betiko erabakirik hartzea, “bat-batean birusaren beste aldaera bat ateratzen zaizulako, eta dena aldatu behar duzulako”. Hala ere, baikor agertu da San Sebastian eguna ospatzeko aukerarekin, eta nabarmendu du erabakia lehen bai lehen hartu beharra dagoela: “Jaia antolatzeko erabakia hartzen badugu, gauzak prestatzen joan behar dugu. Antolatu edo ez antolatu erabaki behar dugu orain, eta, hortik aurrera, ikusiko dugu zein neurri hartu behar ditugun”.