Udalak milioi bat euroko diru laguntzak bideratuko ditu lankidetza proiektuetara
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du 1.105.354 euroko diru laguntzak ematea hiriko hainbat elkarteri, garapenerako lankidetzako eta gizartea eraldatzeko sentsibilizazio eta hezkuntzako 28 proiektu gauzatzeko.
Garapenerako lankidetzaren sailean, diru laguntzak jasotzeko 23 proiektu aurkeztu ziren, eta hamabost onartu ditu udalak. 773.748 euro bideratuko dituzte proiektu horiek garatzeko. Hamabost proiektu horien artean, hauek nabarmendu ditu Eneko Goia alkateak: Mundubat Fundazioaren Emakumeak Honduras iparraldean nekazaritzako elikagaien sistema jasangarri eta erresilienteak eraikitzen proiektua eta Egoaizia elkartearen Gizonen eta emakumeen sexu eta ugalketa osasunerako zerbitzuen eskuragarritasuna eta kalitatea hobetzea San Juan de Bigote eta Lalaquizean-Morropon eta Huancabamba probintzietan, Piura Eskualdean proiektua.
Bestalde, sentsibilizazioaren eta gizarte eraldaketarako saileko diru laguntzetara 22 proiektu aurkeztu zituzten, eta udalak 13 onartu ditu; 331.606 euro bideratuko ditu horretarako.
Tasak, euskara eta Gabonak
Lankidetza proiektuetara bideratutako diru laguntzez gain, beste hainbat diru laguntza ere onartu ditu Tokiko Gobernu Batzordeak. Alde batetik, zaborra biltzeagatik, ur horniduragatik eta saneamenduagatik ordaindu beharreko tasen kuotak ordaintzeko laguntzak arautzen dituzten oinarriak onartu ditu, eta 200.000 euroko aurrekontua ezarri du laguntza horiek emateko.
Bestetik, euskararekin lotutako bi diru laguntza sorta ematea ere onartu du. Alde batetik, Euskararen egunarekin lotutako jardueren harira, 6.160 euro banatuko dituzte sei elkarteren artean. Bestetik, euskararen inguruko jarduera zehatzak garatzeko diru laguntzen deialdian, 12.020 euro banatuko dituzte hamabi elkarteren artean.
Azkenik, Gabonak zuretzat programaren barruan Gabonetako jardueren egitaraua garatzen duten elkarteei diru laguntzak emateko deialdia onartu dute, eta 5.200 euro bideratuko dituzte horretara.