Zahar etxeetako langileek Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin dute protesta
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek 252 egun daramatzate greban eta gaur, LAB, ELA eta Gipuzkoako Senideak elkarteak deitutako elkarretaratzea egin dute Batzar Nagusietan, Politika Orokorreko Eztabaida egin baitute bertan. 9:30ean dozenaka pertsona elkartu dira Batzar Nagusien sarreran ‘Hitzarmena orain! Aldundia, zure esku dago’ lelodun pankartarekin. Hain zuzen ere, zahar egoitzetako langile zein egoiliarren egoera salatu eta lan hitzarmen duina eskatu diote Foru Aldundiari. Ondoren, pankartarekin manifestazio bat egin dute Batzar Nagusiak inguratuz. Besteak beste, “Osasunarekin negoziorik ez” eta “Gipuzkoako erresidentziak borrokan” oihukatu dute langileek.
Langileek adierazi dutenez, Markel Olano Foru Aldundiko diputatu nagusia bertaratu arte itxaroten saiatu dira. Diputatua ,ordea, ez da sarrera nagusitik sartu eta ez da protesta ondotik igaro. ELAk ohar batean ondorengoa adierazi du: “Gogoratu behar da erresidentzien sektorea kontzertatua dela ia bere osotasunean. Gogoratu behar da ere hamaika izan direla sindikatu honek Markel Olanori eta Maite Peña Politika Sozialetako diputatuari eginiko bilera eskaerak. Gaur gaurkoz, ez dugu erantzun bakar bat ere jaso”.
Hilaren 23 eta 24ean greba egin zuten zahar etxeetako langileek Foru Aldundiari konponbide bat eskatuz, eta Manifestazio jendetsua egin zuten Saguesen. Horrez gain, larunbateko Zinemaldiaren sari banaketa ekitaldiaren ordu berean alfonbra gorrian sartzen saiatu ziren, baina Poliziak bidea itxi zien eta kanpoaldean egin zuten protesta.