Donostia Gazteriak etxebizitza kolaboratiboen inguruko jardunaldiak antolatu ditu
Donostiako Udaleko Gazteria sailak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) jardunaldiak antolatu dituzte etxebizitzaren gaia lantzeko. ‘Etxebizitza kolaboratiboak, elkarrekin bizitzeko eredu feministak‘ lelopean izango dira urriaren 14ean eta 28an.
Etxebizitza da bi erakundeentzat “azken urteetako kezka nagusi”a, eta oraingoan “arkitektura zurrun baten pean eraikitzen den familia tradizionalaren” eredutik urrundu eta bizitzeko “beste moduen” inguruan gogoeta egin nahi dute, “Zer dira etxebizitza kolaboratiboak eta zer eraldaketa feminista ekar dezakete horrelako ereduek?” galderari erantzuna bilatuz.
Gai hau aztertzeko antolatu diren jardunaldietan bi saio egingo dira. Lehena urriaren 14an izango da. Saio honetan Elkarrekin Bizi proiektua aztertuko da, Donostian gauzatu nahi izan den etxebizitza proiektu kolaboratiboa. Hiru hizlarik parte hartuko dute mahai inguran: Eva Salaberria (Donostiako Udaleko ordezkaria), Hiritik At-eko (proiektuaren eragilea) partaidea eta Sostre Civic elkarteko kidea. Tabakalerako Kutxa Kultur plazan izango da, arratsaldeko 18:00etatik 19:30era.
Jardunaldiaren bigarren saioa urriaren 28an izango da eta etxebizitza kolaboratiboei buruzko hausnarketa teorikoak eta bizi-esperientziak dituzten zazpi emakume izango dira bertan. Bigarren saio hau ere Tabakalerako Kutxa Kultur plazan izango da, arratsaldeko 18:00etatik 19:30era.
Saioa amaitzeko ‘Ibaia”, Uxue Alberdik idatziriko fabula musikatua aurkeztuko da. Usurbilgo hirigintza feministaren fabula da, arkitektura eta hirigintza feminista baten bidez eraiki litekeen etorkizuna irudikatzen duena, eta Alberdiren beraren ahotsetik eta Amoranteren musikaren eskutik entzun ahal izango dena.
Jakinarazi dutenez, osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izen-ematea eta musukoa erabiltzea. Aurtengo ekitaldian interesa duten pertsonek honako bide hauek jarraituz eman dezakete izena:
- Galdetegia: https://labur.eus/L9H0c
- Telefono zenbakia: 688737092 (Ane) / 615749929 (Irati)
- Posta elektronikoa: etxebizitza@egk.eus / berdintasuna@egk.eus