Ikuskapen txosten baten arabera, Txara I zahar etxean 14 orduz jan gabe izaten dituzte egoiliarrak

Irailaren 17an argitaratutako ikuskapen txosten baten arabera, Donostiako Txara I zahar etxeak ez ditu betetzen mediku, erizain, monitore, fisioterapeuta eta psikologoen gutxieneko kopuruak. Horrez gain, eskaintzen dituzten afarien eta gosarien artean 14 ordu igaro daitezkeela ere jakinarazi dute. Txara I Biharko Gipuzkoa enpresa pribatuak kudeatzen duen eraikin publikoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ikuskatzaileek enpresari hartutako erabakiak justifikatzeko eskatu dio.
Ikuskapena irailaren 1ean egin zen, ELA sindikatuaren salaketa baten ondorioz. “Abisurik gabeko” bisita izan zen, zerbitzuan itxuraz dauden akats batzuk egiaztatzeko. ELAren salaketaren puntu nagusienetakoa otorduen ordutegia zen. Izan ere, afariak “oso goiz” eskaintzen zirela salatu zuten. Hala, afariak 19:00etan eskaini eta gosariak 9:30ean hasiz gero, 14 ordu igarotzen dituzte jan gabe. Txostenean, ordea, beste ordutegi bat proposatzen da: 7:30etik 10:00etara gosariak eskaintzea eta 19:30etik 21:30etara afariak.
Langileei dagokienez, laguntzaileen arloan eskatzen diren ratioak betetzen dira, beste kategorietan ordea ez da hala gertatzen. Medikuen oporrak ez ziren inorekin bete, erizainekin abuztuan ez ziren ohiko txandak egin, eta ez dago fisioterapeutarik, nahitaezko figura zela ez zekitela argudiatu baizuten. Psikologia taldeak ere ez ditu ratioak betetzen, pandemia garaitik telefonoz eskaintzen da psikiatria zerbitzua. Adinekoekin egiten diren jarduerez arduratzen diren monitoreak ere ez dira nahikoak. Arlo horietako langileek, adibidez, “harreragile” lanak betetzen dituzte.