Kaiko amarralekuen berrantolaketa prozesuan "iruzurra" salatu dute
Euskadiko Kirol Portuak erakunde publikoak (EKP) Donostiako kaiko ontzien amarralekuak berritzeko prozesua abiatu zuen apirilean, Eusko Jaurlaritzak urteak baitzeramatzan ontzientzako tokiak berrikusi gabe. Prozesua bukatu da dagoeneko, eta parte hartu zutenetako erabiltzaile batzuek “iruzurra” salatu dute: “Baldintza agiriko irizpideak ez dira modu zuzenean aplikatu; Donostiako portuan aurretik tokia zuten ontzien alde egin dute, eta adjudikazio zuzenak egin dituzte, kasu askotan, esleipenen agiria aintzat hartu gabe. Erabateko iruzurra”.
Izan ere, 382 amarraleku atera zituzten lizitaziora, bi eremutan banatuta: kirol dartsena eta arrantza dartsena. Salatzaileek diotenez, 930 eskaera aurkeztu ziren (tokien ia hirukoitza), eta horietatik 869 onartu zituen EKP-k. “61 eskaera dokumentazio osoa ez aurkezteagatik edo osatu gabe egoteagatik baztertu zituzten”, azaldu dute. Bestalde, 869 eskaera horietako 382ri amarralekua adjudikatu zaie eta 320 itxaron zerrendara pasa dituzte. Beste 167 eskaerak, aldiz, “ez daude zerrenda batean ere”, salatu dutenez.
Amarralekuen berrantolaketaren oinarri nagusia aurretik plaza zuten ontzien alde ez egitea zen, alegia, amarralekuak prozesuaren irizpideen eta ontzien ezaugarrien arabera banatzea. Ordea, salatzaileen arabera, “amarraleku finkoen %90 baino gehiago aurretik plaza zutenei edo plaza baten titulartasuna zutenei adjudikatu dikziete”. Era berean, plaza eskuratu duten 382 ontzietako askok ez dituzte prozesuaren baldintzak betetzen, salatzaileen ustez: “Adjudikatutako plaza batzuetako ontziek ez daukate plazarik gabe gelditu diren ontzi batzuek baino aprobetxamendu hobea; ontzien arteko berdintasun egoera batzuk ez dira notario baten aurrean ebatzi; adjudikazioa jaso duten 60 ontzik plazaren okupazioaren (ur laminaren) %100a gainditzen dute, eta beraz, nabigagarritasuna kaltetuko dute; eta 40 ontzik ez dute ur laminaren %80 ere aprobetxatzen”.
“Denak lehen zegoen moduan jarraitzen du. EKP-k eta Eusko Jaurlaritzak gauzak desberdinak eta arautuak izango zirela uste zuten pertsona askoren denborarekin, diruarekin (batzuek ontzia ere erosi dute) eta ilusioarekin jolastu dute”, salatu dute.