SADEk dio Arte Ederren eraikinak bere berezitasunari eutsi eta erabilera bat izango duela berritzen dutenean
SADEk laster hasiko ditu Arte Ederren eraikina birgaitzeko lanak. “Pozik” eta “ilusioarekin” daudela adierazi dute ohar baten bidez, “hainbat hamarkadatan izan diren listar eta gatazken ondoren gai izango garelako eraikinari bizitza berri bat emateko”. Eraikina egoera txarrean dagoela gaineratu dute, eta berritze lanekin Arte Ederren eraikinaren biziraupena bermatuko dutela.
“Donostiako Udalak onartutako birgaitze lizentziak eraikinaren barruan esku hartzeko baimena ematen du, fatxadak eta alaka bereizgarria mantenduz. Gainera, segurtasun arrazoiengatik eraitsi behar izan zen kupula berrituko dugu”, azaldu dute. Horrela, Urbieta eta Prim kaleen artean dagoen eraikin ezagunari erabilgarritasuna emango diotela nabarmendu dute. “Ostatu turistiko bat eraikitzeak, gainera, higiezinaren erabilera eta kontserbazioa ahalbidetuko ditu, SADEk hasieratik aldarrikatu duen bezala”, esan dute. Birgaitzeko lanek 30 hilabete iraungo dute gutxi gorabehera, eta laster ikusi ahal izango dira aldamioak eta garabia eraikinaren inguruan.
Oharraren bukaeran, SADEk ondorengoa azpimarratu du: “Gure asmoa da donostiarrak harro sentiarazten dituen eraikinari bizitza berria ematea, eta, gainera, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzea”.